«Elkarbizitza eraikitzearen aldeko» deia egin zuen Galdakaoko Udalak Memoriaren Egunean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Atzo, azaroak 10, Memoriaren Eguna izan zen eta Galdakaoko Udalak ekitaldia egin zuen Ardanza parkean. Honetan, «egia, justizia eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko» deia egin zuen Iñigo Hernando alkateak.
Azken urteetan egin duen bezala, Galdakaoko Udalak ekitaldia egin zuen Ardanza Lehendakariaren parkean atzo, Memoriaren Egunean. Honetan, Iñigo Hernando alkateak hartu zuen hitza eta «elkarbizitza eraikitzearen aldeko mezua» zabaldu zuen.
Alkateak «pairatutako sufrimendu guztiak» aintzat hartzeko deia egin zuen, gertatutakoa mahai gaineratzekoa, eta «bakoitzak dagoen tokitik eta dagokion heinean, bere alea jartzekoa».
Ildo honetan, Hernandok lau oinarri aipatu zituen bere adierazpenetan. Batetik, «aurrean dugunaren garrantzia ulertu eta enpatia ariketa sakona» egiteko beharraz ohartarazi zuen. Horretarako, entzuteko deia egin zuen, «bestearen lekuan jarri eta beste pertsona horrek dituen sentimenduak ulertzen ahalegintzekoa».
Besteen bizipenak errespetatzeak ez duela «norbere bizipenei uko egitea suposatzen» azaldu zuen eta bestetik galdera bat bota zuen: «Nola ez dugu ba onartuko gure herrikide batek sufritu zuena? Biktima guztien errealitate eta bizipenak aitortzen ditugu».
Memoria duin baten beharra ere adierazi zuen alkateak, eta «etorkizunari begiratuko dion memoria zintzoa» egiteko konpromisoa berretsi zuen: «Ditugun zauri kolektiboek aurpegi eta begiak dituzte, eta udal mailak izugarrizko garrantzia dauka herrietatik bertatik gauzak mugiarazteko».
Oinazea ez errepikatzeko oinarriak ezarri beharra ere aldarrikatu zuen, azkenik, eta «ondorengo belaunaldientzat gizarte hobea uzteko» lan egin beharra plazaratu zuen.
Bide horretan, «egia, justizia eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko» deia egin zuen, eta begirada horrek gizartea minean harrapatuta ez geratzeko baliagarria izan behar duela azaldu zuen; eta baita «ez arrazoia izateko, ezta bestea erruz janzteko» ere.
«Begirada garbi horrek beste zentzu bat izan behar du: ahal den neurrian biktimek pairatutako sufrimendua arintzea. Biktima guztiek, salbuespenik gabe, behar eta merezi dutelako», nabarmendu zuen Hernandok.
Galdakaoko EAJk, PSE-EEk eta Auzoak taldeek beste ekitaldia egin zuten atzo, Memoriaren Egunean. Kasu honetan Urreta auzoko Romualda Zuloaga parkean kokatuta dagoen «terrorismoaren biktimen aldeko» monolitoan lora eskaintza egin zuten, BINKEk jaso zuen moduan.