Metroaren 5. lineako proiektuari helegiteak aurkezteko deia egin dute Usansolon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Geltokia Erdigunean plataforma
Metroaren 5. lineako proiektuaren kontrako helegiteak aurkeztuko ditu Geltokia Erdigunean plataformak eta herritarrek ere modu pertsonalean egiteko deia egin du. Abendura 4ra arte egin daiteke, hurrengo albistean batu ditugun hiru moduen bitartez.
Nahiz eta obrak geldirik egon, Euskal Trenbide Sareak aurrera jarraitzen du Metroaren 5. lineako proiektuarekin eta duela aste batzuk behin betiko ebazpena argitaratu zuen. Ebazpen honek amaiera ematen dio publikotasun faseari eta obrek beraz aurrera egin dezakete, Geltokia Erdigunean plataformak adierazi duenez.
Plataforma «ez dago ados erabaki honekin, oraindik ez baikara entzunak izan»: «Usansolori eman nahi dioten erantzuna ez da behin betikoa—hiru aukera daude mahai gainean— eta ez da zentzuzkoa proiektua orain onartzea gero aldaketak gehitzen joateko».
Horregatik, plataformak helegiteak jarriko ditu proiektuaren kontra eta herritarrei ere helegiteak modu pertsonalean jartzeko deia egin du. «argi eta garbi izan dezaten Usansolo osoa dagoela proiektu horren kontra».
Azaldu dutenez, herritarrek helegiteak jartzeko hiru modu daude:
- Txapelenan eskuragarri dauden errekurtso proformen bitartez: izen abizenak gehitu behar dira, gero bertako teknikariak aurkez dezan herritar horren izenean. Ordutegia: goizeko 8:00etatik 14:00ak arte.
- Sinadura elektronikoaren bitartez: Sinadura elektroniko bidez helegitea aurkeztu nahi duena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan sartu behar da, behekaldean agertzen den Erregistro elektroniko orokorraren inprimakia atalean sartu eta Eskaera, idazki edo komunikazio bat aurkeztu nahi dut aukera sakatu behar du. Ondoren, Erregistro elektroniko orokorraren inprimakia sakatu eta sinadura elektroniko bidez identifikatu. Erakundea: Eusko Jaurlaritza eta Eusko Jaurlaritza: Mugikortasun jasangarria hautatu, datu pertsonalak bete eta jarraian, Gaia: Garraioa eta mugikortasuna eta Kontua: Gorako Errekurtsoa idatzi. Gainerako hutsuneak bete ostean, dokumentu hau atxiki beharko da, eta digitalki sinatu.
- Orfeoiko lokaletan: astelehenean, azaroak 25, 19:00-20:00 bitartean eta eguaztenean, azaroak 27, 18:00-19:00etara.