Aritz Ginea: «App honekin gizarte sedentarioa aldatu gura dugu»
Aritz Ginea, Welk aplikazioaren sortzailea
BINKE / 2021eko ekaina
«App honekin gizarte sedentarioa aldatu gura dugu»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Egungo kirol instalazioek dituzten gabezien inguruan aztertu, eta honi irtenbide bat emateko sortu du, beste kide batzuekin batera, Aritz Ginea galdakoztarrak Wellk aplikazioa. Gimnasioetako aforoak ezagutzeko edo kirola egiteko lagunak aurkitzeko ere erabilgarri da proiektu berria.
Unibertsitateko azken urtean zela, kirola eta egungo teknologia berriak uztartu zitzakeen proiektu bat egitea erabaki zuen Aritz Gineak (Galdakao, 1998). Buruan irudikatzen zutenaren lehen zertzeladak idatzi eta honen zirriborro bat egin ostean, denborak aurrera egin ahala hau gorpuztu zuten. Ondotik etorri zen, 2020ko uda aldera, Mondragon Unibertsitateko «Enpresa sortuz» lehiaketan lortutako lehen postua, eta honi esker, BIC Gipuzkoak, Eusko Jaurlaritza eta Diputazioaren inkubagailuak ateak ireki zizkien. Donostian dihardu lanean egun, proiektua are gehiago sendotuz eta era berean, udaletxe zein kirol instalazioekin batera elkarlanean, Euskal Herriko txoko desberdinetan berak sortutako Welk aplikazio berria garatuz.
Modu laburrean, nola azalduko zenuke zer den Wellk? Wellk-en kirol-gune kontzeptu berri bat proposatzen dugu, lau hormetatik haratago doan kirol ekosistema berri bat. Hainbat dira aplikazio honi esker erabiltzaileak dituen onurak. Besteak beste, gimnasioko makinak beteta edo libre dauden jakin, minduta dugun gorputz atalaren arabera gertuen aurki dezakegun fisioa zein den ezagutu, inguruko entrenatzaile pertsonalen berri izan, edota asteburuan antolatu diren kirol ekintzak zeintzuk diren jakin dezakegu. Gainera, kirola egiteko lagunak bilatzea, beste batzuen aurka erronketan parte hartzea edo egindako kirolaren arabera sariak lortzea ere ahalbidetzen du.
Nortzuk osatzen duzue proiektua? Hiru ingeniari gara, alor desberdinetan banatuak. Euken Ertzilla, Joseba Martin eta hirurok. Joseba informatikaria da, eta Euken eta biok aldiz produktu eta zerbitzuetaz arduratzen gara. Hasi berria zarenean, ekintzailetzan aurretiaz jardun dutenen aholkuak jasotzea ezinbestekoa da, eta horretarako, beste batzuekin batera, Beñat Urrutikoetxea dugu gurekin lanean, galdakoztarra ere bera.
Ez da erraza izango tankera honetako proiektu bat hutsetik hastea. Betidanik izan naiz kiroldegiko bazkide, eta kirol asko egiten nuen arren oso gutxitan joaten nintzen bertara. Tamalez, ez dut uste kasu isolatu bat naizenik, jendeari iritzia eskatzean, askok izan ohi baitzuten ikuspuntu bera. Iritziak bilduz hasi nintzen proiektu honen lehen pausoekin. Hasierako ideia sorta horrekin batera, bezero potentzial eta erabiltzaileekin elkarrizketak izan ostean hartu zuen forma.
Zein behar edo gabezietatik sortzen da? Geroz eta gizarte sedentario eta inaktiboagoa bihurtzen ari gara. OMEn arabera, hilkortasun globalaren laugarren arrisku faktorea da hori, eta hau aldatzen laguntzeko egiten dugu lan egunero. Gainera, teknologiek eskaintzen dizkiguten abantailak medio, kirol arloko prozesu asko eskuragarriagoak eta erabilgarriagoak egin daitezke.
Egungo herri mailako kirol-instalazio ereduaren inguruko hausnarketa bat egitea beharrezkoa da, beraz. Bai, zalantzarik gabe! Integraziorako, osasunerako eta zoriontasunerako erraminta da kirola, eta nahitaezkoa da, horregatik, herri mailan egiten den kirol arloko edozein esku-hartze osasunarekin lotzea, eta ez bata edo bestea independienteki, ezinbestekoa da. Kirolean inbertitzen dena osasun sisteman aurreztuko baita etorkizunean.
Aurreko erantzun guztiekin argi gelditu da handia dela kirolaren garrantzia egun. Argi dago pandemiak dagoeneko garatzen hasiak ziren joera asko bizkortu dituela. Gimnasioak digitalizatzera behartu ditu, aire zabalean geroz eta kirol gehiago egiten da, eta «fitness» aplikazioek gorakada handia izan dute. Jarduera fisikoa askotan kirolari profesionalekin edo ordu luzez gimnasioan sartuta egote bezala ulertu ohi da, eta guztiz kontrakoa bihurtu behar dugu hau. Eguneroko ohituretan txertatu beharra dago, bizimodu osasungarriagoa izateko.
Ez zarete, bada, soilik kirol arlora mugatzen. Minbiziaren gaiak badu tokia zuen proiektuaren baitan? Bihotzez egiten ditugu gauzak, beti laguntzeko prest, eta zoritxarrez askok gertutik bizi behar izan dugun gai bat landu nahi genuen. Horretarako, «Wellk etxean» egitasmoa martxan jarri genuen. Bertan, kirola egitea uztartzen genuen kantzerraren aurkako ikerkuntzara dirua bideratuz. Hilabete ta erdian 745€ bildu genituen.
Lortu duzue proiektua herri edo tokiren batean abiaraztea? Bai. Durangoko Ibaizabal Ikastolan eta Kirolerrotan, eta laster Bizkaia eta Gipuzkoako bi herri handietan aurkeztuko da gure proiektua.
Eta Galdakaon, baduzue asmorik proiektua herrian martxan jartzeko? Galdakoztarra izanda beti izan dut Galdakaotik hasteko nahia. Herria bera eta galdakoztar asko ondo ezagutzen ditugu, eta gure proiektuak herrian izan dezakeen eragina positiboa izan daitekeela uste dugu. •
Egin bat Wellk-ekin!
Instagram: @wellk_app
E-mail: wellk@wellk.eus
Webgunea: www.wellk.eus