Sukhak: «Santa Kurtzak baino, San Ferminak ospatu dira aurten»
Sukhak kuadrila @sukhak_
BINKE / 2021eko iraila
«Santa Kurtzak baino, San Ferminak ospatu dira aurten»
GALDERAK: Kuples kuadrila @kupless_
Zergatik «Sukhak» izena? Izen misteriotsu bat aukeratzea nahiago genuen, gure familiek aingerutxoak izaten jarraitzen garela pentsa dezaten. Beraz, gure izenaren aukerak zentzua gal ez dezan, sekretua mantentzea adostu dugu.
Zein da beste kuadrilengandik bereizten zaituzten ezaugarri nagusiena? Tabernan eskatzera nor joango den adosteko ordu erdi ematen badugu, nola jarriko gara ados gai garrantzitsuen inguruan? Hala eta guztiz ere, oso trebeak gara gure arteko desberdintasunak jasaten eta, horregatik ez gara inoiz haserretzen. Hori izango litzateke gure ezaugarririk gustukoena eta gehien harrotzen gaituena.
Zuen kuadrilan zein izango litzateke ligoienen podiuma? Dudarik gabe, Galdakaoko lurraldea kontrolatzen duen kide bat daukagu kuadrilan. Hori dela eta, erronka berriak aurkitzeko goseak bultzatuta, gure mugatik kanpo joan da beste herrialde batzuk menperatzera.
Nork ematen ditu ordu gehien ispiluaren aurrean Somerara irtetzeko? Eta gutxien? Kontuan hartuta Lucia unibertsitatera joateko «Fashion Week»-era joango balitz bezala prestatzen dela, pentsa ezazue zenbat ordu eman ahal dituen ispiluaren aurrean Someratik bere burua paseatzeko… Bigarren galderari dagokionez eta kontuan izanda noizbait Someran bertan makillatu direla, derrigorrean Nerea edo Alba aukeratu beharko genuke.
Zein esango zenukete dela zuei hoberen egokitzen den abestia? Festa giroa ematen denean, gure abesti kutunena «El patio de Godella» da. Zoro moduan txaloak ematen hasten gara, Rosalía bera izango bagina bezala: «Ooooooleeee!!!!».
Zein iritzi duzue gure kuadrilaren inguruan? Txamia urtebetez partekatzeak gure arteko harreman polita sortu zuen. Horretaz gain, kuadrilako batzuek saskibaloiko talde berean jokatu izanak, festa guztietan elkartzea ohitura bihurtu zuen eta gaur egun ere horrela mantentzen da ohitura.
Zer pentsatzen duzue aurtengo Galdakaoko jaien inguruan? Zer da faltan gehien botatzen duzuena? Badakigu Covid-a dela eta aurtengo jaiak ez direla onenak izan, baina jendea hain animatuta egoteak asko lagundu du eman den giro paregabea sortzeko. Dudarik gabe, faltan gehien bota duguna: txosnak, erromeria eta DJ Gaua izan dira.
Zein da zuen iritzia jai hauetako poliziaren presentziaren inguruan? Betiere polemikan sartu barik, baina antza denez Santa Kurtzak baino, San Ferminak ospatu dira aurten.
Zer dela eta aukeratu zenuten mozorro hori jaietan? Esan bezala, gure artean zerbait adostea ezinezkoa da eta hau guztiz islatu zen mozorroen kontuan. Azkenean, «moda historian zehar» gaia aukeratu eta norberak bere irudimena erabili zuen, eztabaidak ekiditeko.