Usansoloren eta Galdakaoren arteko mugak markatu ditu UHk, bere borondatez
Segregazioa
BINKE / 2021eko azaroa
Usansoloren eta Galdakaoren arteko mugak markatu ditu UHk, bere borondatez
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Usansolo Herria
Galdakaoren eta Usansoloren arteko mugak 10 hesolekin markatu zituzten atzo UHko dozena inguru kidek, Bizkaiko Foru Aldundiaren segregazioaren inguruko erabakia iritsi bitartean.
Galdakaoko Udalaren Batzorde Mistoak Usansoloren segregazioaren gaineko memoria landu eta aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundian aurkezteko. Memoria horrek Foru Arauak udalerri baten segregaziorako baldintza guztiak batzen ditu, eta «baldintza guzti horiek betetzen badoguz be, Aldundiari jagoko Galdakaoren eta Usansoloren arteko mugak mugarri bidez mugatzea», adierazi zuten UHko kideek Puentelatorre zubian hasi zuten txangoan.
Aldundiaren erabaki horren ostean, memoria onartuz gero, galdeketa bat egin beharko da. Galdeketa hori loteslea izango da eta gehiengoak Usansolo udalerri izatea erabakiko balu, Batzar Nagusiek onartu ondoren jarriko lirateke mugarriak Galdakao eta Usansoloren artean. «Baina une hori iritsi bitartean, UHtik erakutsi gura izan deutsiegu herritarrei zein dan Usansoloren eta Galdakaoren arteko muga», adierazi zuten domekan.
Dozena bat lagun batu ziren euripean, Iñaki Urgoiti eta Agustin Aizpuru zinegotziak tarteko, beharrezko erremintak eskuan 10 hesola jartzeko. Hesola bakoitzean —UHk Binkeri bidalitako argazkietan ikus daitekeen bezala— herriaren izenaz gain, Usansoloren armarria eta segregazioaren aldeko plataformak aldarrikatzen duen mapa ageri dira.