«Galdakanoko nafar armarria», Aitzol Altuna

Argazkia: BINKE

Lehoinabarra
Aitzol Altuna Enzunza
BINKE / 2025eko urria

Bizkaiko lehen historialariak, Lope Gartzea Salazarrek (1399-1476), Galdakano zeritzon familia Bizkaiko zaharrenetakotzat jotzen zuen; Nafarroako erregeekin ahaidetuta zegoela gehitzen du, XII. mendearen amaieran eskualdea defendatzera etorri zelarik Andra Mari eliza eraiki zuen eta bertan bere hilobia aldarearen aurrean du katebegiez osatua.

Galdakanon, Erdi Aroan bando-kideen familia nagusi guztiek Nafarrako kateak zituzten armarri heraldikoa inguratuz, Bizkaia osoan ez dago beste udalik horrenbeste duenik. Beste familia batzuek Gebaratarren zumarraren hostoa zuten, Nafarroarekin Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako azken tenente edo buru izan zirenak. 

Usansolo eta Bediatarrak Galdakano familiakoak ziren; usansolotarrek Gebaratarren panelak eta Nabarrako katea dituzte armarrian eta Bediatarrek katea. Udalerriko beste familia nagusia Isasi zen, bere armarriak aipatutako Salazartarren 12 izarrak eta Nafarroako katea ditu.

Aperribaitarren dorretxea gaur egungo jauregitik gertu zegoen eta bere armarria Nafarroako katea du. Urgoititarren armarriak Gebaratarren panelak eta Nafarroako kateekin egindako bordura du; bertan, Bizkaiko ganboatarren buru izan ziren Abendañotarrak bizi izan ziren. Zuazotarrak, auzo berean dorretxea zuten familia zen: Gebaratarren bost panela dituzte armarrian.

Galdakanoko beste familia garrantzitsu batzuk ez zuten dorretxerik, baina bai Nafarroako kateak armarrietan, hala nola Egia, Irusta edo Gabiriatarrek. Adan de Yarza familia boteretsua Ispasterretik etorri zen Galdakanora, Urgoitiko jauregia eraiki zuen eta bere armarriaren erdi-erdian Nafarroako armarria zuen.