Eskualdeko hezkuntza esparruan inklusioaren eta komunitatearen sarea ehuntzen duen Galdakaoko Helduen Heziketa Ikastetxeak 40 urte bete ditu aurten. Urteurrena ospatzeko egitarau berezia antolatu du, eta hemen batu ditugu horren xehetasunak.
Galdakaoko Helduen Heziketa Ikastetxeak (HHI) 40. urteurrena ospatzen ari da ikasturte honetan eta hori ospatzeko zentroak programa berezia prestatu du, bere ibilbidea espazio hezitzaile eta komunitario gisa balioan jartzen duten ekintzekin.
Antolatutako ekimenen artean, ikastetxeak Eskola Argazki Lehiaketaren lehen edizioa jarri du martxan, Zer da zuretzat HHI Galdakao? lelopean.
Deialdia zabalik dago ikasleentzat, irakasleentzat, boluntarioentzat eta Galdarra elkarteko kideentzat. Ekimenak parte-hartzaileak ikuspegi pertsonal eta sortzaile batetik Galdakaoko, Lemoako, Igorreko eta Arteako zentroetako txokoak erretratatzera gonbidatzen ditu, komunitate hezitzailearen aniztasuna eta aberastasuna islatzeko helburuarekin.
Parte-hartzaileek kolorezko edo zuri beltzezko argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte, eta kamera digitalarekin zein telefono mugikorrarekin egindakoak. Jasotako irudiak hezkuntza eta kultura arloko kideek osatutako batzorde batek ebaluatuko ditu, argitaratu aurretik aukeraketa egingo duena.
Balorazio irizpide nagusiak gaiaren tratamendua, sormena eta argazkien kalitatea izango dira. Hautatutako lanak Galdakaoko HHIren webgunean eta zentroko instalazioetan erakutsiko dira, nahi duen orok ikus ditzan.
Sari banaketa maiatzaren 21ean izango da, ikasturte amaierako jaian. Topaketak izeneko ekitaldia Musika Eskolako aretoan izango da, 10:00etan, eta, urtero bezala komunitate hezitzaile osoa bilduko du. Halaber, argazki lehiaketaren amaiera jai giroan ospatzeko balioko du, 40. urteurreneko programaren baitan.
Urteurrenaren harira, Galdakaoko HHIk beste ekintza batzuk ere egin ditu ikasurtean zehar, hala nola, 40 urte Galdakao eta Arratiako gizartea ehuntzen, Hezkuntza aukerak ematen izeneko mahai ingurua Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Bertan, Erabide Emakume Elkarteko Miren Alapontek, irakasle eta ikasketa buru ohi Alicia Onaindiak, irakasle eta zuzendari ohi Josu Mediavillak, ikasle ohi Pili Monrealek, Pakistaneko eskalatzaile eta ikasle ohi Akhond Ishaqek, lurraren defendatzaile, erbesteratu eta ikasle Dalila Arguetak; Kepa Lizarraga mendizale eta ikasleak, eta Mariam Sacko ikasleak parte hartu zuten, herriko helduen heziketaren bilakaerari buruzko esperientziak eta hausnarketak partekatuz. Bertan, Galdakao HHIren 40 urteko ibilbidearen argazki erakusketa ere egon zen ikusgai.
Halaber, ikasturtearen hasieran Buffet libre izeneko jarduera artistikoa egin zuen, Sonia Rueda artistarekin elkarlanean. Tailer ausarta izan zen, non parte hartzaileek barazki sinpleekin ideia batzuk islatu behar zituzten.




