Urteurren borobila bete du Galdakaoko enpresa ezagunenetariko batek: Zamakoa Eraikuntzakek. Duela 40 urte jaio zen Joserra Fernandezen eskutik, eta ordutik eraikin garrantzitsuen erreformak egin ditu herrian eta gure mugetatik kanpo. Joserra eta gaur egun enpresaren buru den Amaia alabarekin izan gara, Zamakoa Eraikuntzaken ibilbideaz gehiago ezagutzeko.
Gutxik badakite ere, Galdakaon eta inguruetan ditugun eraikin askok herriaren zigilua daramate, zehazki Zamakoa Eraikuntzak enpresa galdakoztarrarena. Joserra Fernandezek 1986an, duela 40 urte, sortu zuen enpresa eta ordutik erreferente diren hainbat eraikuntzen obrak egin dituzte, hala nola, Zugutzuko tren geltokiaren erreforma edo Bilbon kokatuta dagoen Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren erreforma.
Gaztea zela hasi zen Joserra Fernandez eraikuntzaren munduan. Hasieran Bilbon aritzen zen batez ere, beste kide batekin batera zuen enpresa batean. Ostean ordea, 1976an, autonomo gisa ezarri zen Etxepare kalean eta hamar urte beranduago jaio zen Zamakoa Eraikuntzak enpresa, Bizkai kalean, gaur egun Udalaren Ekonomia Arloa dagoen tokian —espazio horren erreforma egin zuen ere Zamakoak—. Bost langile inguru ziren orduan eta urteekin hazten joan zen, eta enpresaren egoitza gaur egun duen tokira lekualdatu zuten: Bilbo kalera. «Beste lekua txiki geratu zen eta hona etorri ginen espazio egokiagoa zelako lan guztia kudeatzeko», adierazi dio Joserrak BINKEri.
Proiektu handiak. Duela urte batzuk jubilatu zen, baina enpresan kuxkuxeatzen jarraitzen duela dio bere alaba Amaiak, enpresaren gida hartu duenak. «Esku onetan uzten nuela argi nuen. Amaiak 30 urte daramatza enpresan lanean eta inork baino hobeto ezagutzen ditu proiektuak eta langileak», aitortu du Joserrak.
Hirugarren belaunaldia ere bidean dago, izan ere, Garazik, Amaiaren alabetako batek, aitite eta amaren pausoak jarraitu nahi ditu: «Argi izan zuen hasieratik hemen lan egiteko ikasi nahi zuela. Guk ez dugu inoiz bideratu enpresan lan egiteko, baina berak argi zuen mundu hau dela gustatzen zaiona».
Proiektu handiak egin ditu enpresa galdakoztarrak urte guzti hauetan, besteak beste, Galdakaoko udaletxean zenbait erreforma, eta Atxuri eta Hendaiako tren geltokietako erreformak. Halaber, Metro Bilbaorekin eta Euskal Trenbide Sarearekin elkarlanak egin dituzte espazioak egokitzeko. «Eskertzekoa da. Lan asko egiteko eta proiektu politak egiteko aukera izan dugula eta izaten jarraitzen dugu, gero jendeak asko erabiltzen dituen eraikuntzetan», azaldu du Amaiak. Guzti hau aurrera eramateko, 30 langile inguru ditu enpresak gaur egun. Teknikariak dira gutxi batzuk, eta obretan aritzen dira gehienak.
Herriari lotutako enpresa. Galdakaon errotuta dagoen enpresa da Zamakoa, eraikuntzatik harago herriarekin lotuta dagoena. Galdakaon bertan du egoitza soziala, eta hainbat ekintza babesten ditu, batez ere kirolari lotutakoak. Gaur egun Txirrindulari Gela, Galdakao Bolei Taldea eta BINKE babesten ditu, eta Itzuliako Galdakao-Galdakao etapako babeslea izan zen ere. «Argi daukagu herriko enpresa dela eta herriarentzat lan egin behar duela. Ahal dugun heinean, galdakoztarrentzako hor egongo gara», nabarmendu du Amaiak.
Berdintasunarekin konpromiso handia du ere enpresa galdakoztarrak, eta Enpresan Bardin Pyme Saria jaso zuen Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren eskutik: «Ezinbestekoa da enpresen zuzendaritzatik berdintasunarekiko apustua egitea». •









