Droga-trafikoaren aurkako makrooperazio baten barruan, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak abiadura handiko bi narkotxalupa aurkitu dituzte Galdakaoko nabe batean. Ustez, Galiziako klan bateko trafikatzaileenak dira bi ontziak.
Galiziako droga trafikatzaile klan baten aurkako Helo/Kaldas operazioak Galdakaora ekarri zituen atzo Espainiako Polizia eta Guardia Zibila. Agenteek herriko industria nabe bat arakatu zuten, eta ustez klan horren abiadura handiko bi narkotxalupa aurkitu zituzten.
10 eta 14 metroko abiadura handiko itsasontziak dira, eta Guardia Zibilak azaldu duenez, txalupak droga itsasoz garraiatzeko erabiliko ziren.
Helo/Kaldas operazioaren ondorioz, poliziak 11 gizon atxilotu ditu: Bizkaian bakarra, eta gainontzekoak Galizian, Caldas de Reis, Illa de Arousa, Vilanova de Arousa, Vilagarcia de Arousa, Pontevedra eta Porto do Son herrietan. Halaber, 40 kilogramo droga konfiskatu ditu.
Ikerketa 2024ko maiatzean hasi zen, Bizkaiko eta Pontevedrako komandantzietako, Estupefazienteen Brigada Nagusiko eta Espainiako Polizia Nazionalaren UDYCOko agenteen laguntzarekin.




