Galdakoztarrak «euskal dantzen erritmoan mugitzen» jarri nahi dituen ekimenaren bigarren edizioa azaroaren 5ean hasiko da, ekainera bitarte; zabalik dago dantza ikastaroetan izena emateko epea.
Euskal ondare kulturala sustatzeko konpromisoa berretsi nahi du bigarren urtez Galdakaoko Udalak, «dantza tradizionalak herritarren eguneroko bizitzara hurbilduz eta helduen zein gazteen parte hartze aktiboaren bidez euskal ohituren etorkizuna bermatuz». Horregatik, eta «iazko edizioaren arrakasta ikusita», erakundeak Lumak Dantzan ekimenaren bigarren edizioa abiatuko du azaroaren 5etik aurrera.
Data horretatik aurrera, euskal dantzak eta erromerietan dantzatzen direnak ikasi ahal izango dituzte Torrezabal Kultur Etxean, eguaztenero azaroaren 5ean hasita.
Ikastaroak bi mailatan bereiztuko dira: oinarrizko mailako taldeko saioak 18:00etatik 19:30era izango dira, eta aurreratu mailakoak 19:30etik 21:00etara.
Hala ere, maila ertaina dutenek bi taldeak uztartu ahal izango dituzte, oinarrizko taldearen amaieran hasita eta aurreratu mailakoaren hasieran bukatuz, «ikaskuntza ahalik eta gehien aprobetxatzeko», Udalaren arabera.
Ikastaroetan parte hartu nahi duten herritarrek urriaren 31ra bitarte dute horretarako aukera, Galdakaoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez izena emanda. Ikastaroaren prezioa 80 eurokoa da eta 21.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiek %30eko deskontua izango dute (56€).
Ikasleak ere dantzari
Lumak Dantzan ekimenak bigarren fase bat izango duela iragarri du Galdakaoko Udalak: euskal dantzen ikastaroak udalerriko ikastetxeetara eramango ditu urte berria hastearekin batera. Udalaren asmoa Aperribai, Urreta, Gandasegi eta Eguzkibegi Ikastolako 1. eta 2. mailako ikasleek astero ordubeteko saio bat egitea da.
Erakunde antolatzaileak ohar bidez aurreratu duenari kasu eginez, ikastaro horietan «jokoak, musika, eskulanak, abestiak, ipuinak eta beste baliabide batzuk erabiliko dira, haurrak euskal dantzen eta erritualen mundura modu ludiko eta hezigarrian hurbiltzeko».
Datozen hilabeteetan emango du BINKEk Lumak Dantzan ekimenaren bigarren fasearen berri.