Akusatuak deklaratzen ari dira gaur Fernando Izagirreren eta Diego Gallardoren aurkako epaiketaren bigarren saioan. Deklaratzen lehena DYAko presidente ohi galdakoztarra izan da. Epaiketan izan da BINKE.
Fernando Izagirre galdakoztarra DYAko presidente izan zen garaian –2016-2021 urteen bitartean– ustez egindako irregulartasunengatik ikerketa zabaldu zuten 2022an eta hiru urteren ostean, martitzenean hasi zen epaiketa. Eguazten honetan, gaur, izan da epaiketaren bigarren saioa Bizkaiko Probintzia Auzitegian.
Epaiketaren lehenengo saioan lekukoek eta perituek deklaratu zuten. Guztira 12 lagunek hitz egin zuten, eta 09:30ean hasita 15:30 arte luzatu zen saioa. Bigarren saioan aldiz akusatuen txanda izan da, Fernando Izagirreren eta Diego Gallardoren txanda.
Deklaratzen lehena Izagirre izan da. Zutik deklaratu du galdakoztarrak, eta 09:45ean hasita 10:25ak arte erantzun ditu fiskalaren eta bere abokatuaren galderak —ez ditu akusazioaren galderak erantzun—.
Fiskalaren galderak erantzuten hasi da Galdakaoko EAJko zinegotzi eta hautagai izan zena. Ambulancias Barcelona, Emergencias Plus eta DYAren arteko diru-mugimenduez galdetzen hasi zaio fiskala, Gallardoren Ambulancias Barcelona eta Izagirreren Emergencias Plus —Emerplus bezala ere ezagun izan dena— enpresak bazkidetu egin baitziren, eta hauek DYArentzat anbulantzien zerbitzua eskaintzen aritu baitziren.
Lehenengo galdera argia egin dio fiskalak Izagirreri: «Banketxeko kontu korronteetara sarbiderik izan duzu?». Irmoki erantzun dio akusatuak: «Nik ez neukan kontu korronteetara sarbiderik; Emergencias Plus-eko kontu korronteetako eskumen guztiak Bartzelonako aholkularitza bulegoak zituen».
«Ni Galdakaon bizi naiz —eta bizi nintzen—, eta Bartzelonara 14 aldiz baino ez nintzen joan tarte guzti horretan, ez dut gertutik kontrolatu izan, baina konfiantza osoa neukan aholkularitza bulegoarengan», gehitu du Fernando Izagirrek.
«Dena galdu nuen»
Berrogei minutuko deklarazioarekin jarraitzeko 2015 eta 2022 urteen arteko xehetasun handiak eman behar izan ditu galdakoztarrak, bereziki enpresen arteko harremanaz eta denbora tarte horretan egin ziren diru-mugimenduez. DYArentzako mailegu bat Fernando Izagirreren beraren izenean zergatik eskatu zuen izan da fiskalak egindako galderetako bat, eta akusatuak erantzun: «Mailegu eskaera hori 2016an egin nuen, eta errazagoa edo azkarragoa zen mailegu pertsonal bat eskatzea, elkarteak —DYAk— berak eskatzea baino; horregatik eskatu nuen nik».
Aldiz, galdakoztarrak berak zehaztu du 2022an kaleratu zutela DYAtik, eta mailegua ordaintzen 2024an amaitu zuela. Eta fiskalak jarraian galdetu: «Orduan, DYAtik kanpo bi urte eman bazenituen mailegua ordaintzen, DYAk ordaindu al dizu elkartearentzat eskatu zenuen kopurua?». «Ez», erantzun du Izagirrek, eta gaineratu: «Dena galdu nuen».
Enpresen arteko dokumentazioaz galdetu zaionean galdakoztarrari, «ezer ez» daukala erantzun du akusatuak: «Eskritura eta enpresen arteko salerosketa kontratuak Galdakaoko DYAren Urretako egoitzan daude, edo zeuden, bulegoko mahaiaren bigarren kaxoian».
Juan Diego Gallardoren deklarazioarekin jarraitu du epaiketaren bigarren saioak. Ordu luzea hartu dute Ambulancias Barcelonako jabea zen katalanaren adierazpenek, honek ere fiskalaren eta bere abokatuaren galderak bakarrik erantzunda.
Epaiaren zain
Martitzeneko sei orduko eta eguazteneko lau orduko epaiketa-saioetako lekukotza eta adierazpen guztien ostean, Fernando Izagirreren eta Diego Gallardoren enpresetara «DYAtik egin ziren ia bost milioi euroko diru-transferentziak justifikatu ez direlakoan», akusazioaren abokatuek zazpi urteko kartzela-zigor eskaerari eutsi diote —DYAko egungo zuzendaritza batzordea da akusazioa—.
Akusazioak adierazi du DYAren eta enpresa akusatuen «berariazko kontabilitate deskontrolatua» izan zela, «hain zuzen, funtsak errazago desbideratu ahal izateko».
Akusatuen abokatuek, aldiz, Fernando Izagirre eta Diego Gallardorentzako absoluzio askea eskatu dute. Izagirreren abokatuak defendatu du, besteak beste, bere bezeroak «ezin izan zuela DYAren izenean inongo ordainketarik egin», eta zehaztu du: «Bera presidentea baino ez zen, administratzailea eta ondorioz diru kontuen ardura zuena Jose Antonio Guevara zen».
Bateko eta besteko aldeek ondorioak hitzez azalduta, 13:30ean amaitu da Bilbon epaiketa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Judizioa epaiaren zain geratu da.




