Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko sei talde —galdakoztarrak gehienak— batuko dira Galdakaon. Divenire Dantza Eskolak eta Galdakaoko Udalak bihar hasiko den egitarau zabala antolatu dute, eta hemen batu dugu programa osoa.
Apirilaren 29an ospatuko da Dantzaren Nazioarteko Eguna, eta Galdakao datara aurreratu eta bihar hasiko ditu ospakizunak. «Dantza herri guztiari zabaltzeko helburuz», egitarau zabala antolatu dute elkarlanean Divenire Dantza Eskolak eta Galdakaoko Udalak.
Divenireko arduradunekin hitz egin du BINKEk eta haien esanetan, ekimenaren helburu nagusiak «dantza gure herriko kaleetara ateratzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea dira, Galdakaoko bizitza soziala eta komertziala dinamizatzeko».
«Hitzorduak gure herriaren nortasun kulturala indartuko du, gure bizilagunei kalitatezko eta doako esperientzia eskainiz», azpimarratu dute, aldi berean tokiko talentua sustatuko duela nabarmenduz.
Guztira, sei taldek parte hartuko dute ekimenean: Divenire Dantza Eskola, Les Sens akademia, Taupadak Dantza Eskola eta Andra Mari Dantza Talde galdakoztarrek, eta Leioako Andoni Aresti Dantza Eskolako Mari Jose Bayonek, eta Durangoko Hotzikara konpainiak.
Bihar, apirilak 25, hasiko da egitaraua, eguerdian Santi Brouard enparantzan eskainiko duten dantza ekitaldiarekin, eta domekan dantza zirkuitua egingo dute dantza taldeek. Horretan, erakusketak eskainiko dituzte herriko txoko ezberdinetan, eta batzuetan dantza tailerrak eskainiko dituzte.
Azkenik, dantzari buruzko film baten proiekzioa antolatu dute apirilaren 29rako, Dantzaren Nazioarteko Egunerako. Saiorako sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Hemen batu dugu bihar hasiko den egitarau osoa:
Apirilak 25, zapatua
13:30 Dantza ekitaldia, Santi Brouard enparantzan
Apirilak 26, domeka
Dantza zirkuitua
11:00 Jazz komertziala, Berezikoetxen
11:30 Klasikoa eta euskal dantza, Agirre Lehendakariaren plazan
12:00 Dantza modernoa eta dantza festa, Muguru plazan
12:30 Dantza urbanoa, garaikidea eta flashmove-a, Ardanza parkean
Apirilak 29, eguaztena
19:00 Dantzari buruzko filmaren proiekzioa, Torrezabal Kultur Etxean
«Galdakaok dantza ikusteaz gain dantza bizi dezan nahi dugu, gure plazak energiaz betetzea eta dantza hizkuntza unibertsala dela erakustea», azpimarratu dute Diveniretik.





