Eusko Jaurlaritzak Usansoloko ospitalean 175 aparkaleku berri eraikiko dituela iragarri zuen iazko azaroan. Barikuan proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten ospitalean bertan Alberto Martinez Osasun arloko sailburuak, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Agustin Aizpuru Usansoloko alkateak.
Usansolo ospitalean dagoen aparkaleku faltari erantzuna emango dio Eusko Jaurlaritzak. Iazko azaroan iragarri zuenez, 175 aparkaleku berri eraikiko ditu ospitalean.
Barikuan Alberto Martinez Osasun arloko sailburuak, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Agustin Aizpuru Usansoloko alkateak ingurua bisitatu zuten, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten —BINKEk egun horretan publikatu zuen bisitaren bideo-laburpena—.
Gaur egun 145 plaza daude ospitalean. Hortaz, lanak amaitzean, ospitalearen aparkalekuaren edukiera oraingoa halako bi baino gehiago izango da.
Aurreikusi dutenez, proiektua 1,6 milioi euroko inbertsioa izango du guztira, eta egutegi honen arabera gauzatuko da:
- 2026: Proiektua idazteko eta obra zuzentzeko espedientearen lizitazioa, proiektua entregatzea, obra-lizentziaren eskaera, eta obra gauzatzeko espedientearen lizitazioa.
- 2027: Obren hasiera.
- 2028: Obren amaiera.
Jarduketa hau Euskadiko Osasun Itunean jasotako ekintzetako bat da, Azpiegituren ildo estrategikoan, zeinak osasun-espazioak modernizatzearen eta horietara heltzeko irisgarritasuna hobetzearen aldeko apustua egiten baitu, pazienteak sistemaren ardatz gisa hartuta.
Osakidetzak adierazi duenez, proiektua bat dator, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak osasun publikoa indartzeko duen «konpromiso irmoarekin», eta dagoeneko sartuta dago Osakidetzaren 2025-2032 urteetarako Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programan. Horrek bermatzen du haren zuzkidura eta exekuzioa, Gobernuaren ibilbide-orri estrategikoaren parte gisa.
Osasuneko sailburu Alberto Martinezek azpimarratu zuenez, obra hori pazienteek zein profesionalek eurek ere gehien errepikatu izan duten eskarietako bati erantzuteko egiten ari dira: «Helburua da ospitale-inguruneko trafiko-presioa arintzea eta ospitalerako sarbidea hobetzea, pazienteen arreta erosoagoa eta eraginkorragoa izan dadin».




