Gabonetako ekimen batzuek trafikoa moztuko dute eta horren ondorioz, Galdabusak bere ordutegi eta ibilbidea egokitu beharko du abenduaren 24an eta 31n. Bestalde, Gabonetako Haur Parkeraino joango den zerbitzu berezia eskainiko du.
Gabonak ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte Galdakaoko Udalak eta herriko eragileek egun hauetan zehar, BINKEK jaso zuen moduan. Jarduera horietako batzuk kalean egingo dira eta trafikoan eragina izango dute, Udalak jakinarazi duenez.
Horregatik, Galdabusak abenduaren 24an eta 31n egokitu egingo ditu bere ordutegiak. Zehazki, egun horietan bi lineen zerbitzua arratsaldeko 16:00etan amaituko da. Lehenengo egunean, Olentzerori eta Mari Domingiri ongietorria emateko kalejira dela eta.
Abenduaren 31n, berriz, San Silvestre lasterketa egingo delako, Galdakao Atletismo Taldeak antolatuta.
Gainera, abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a jaiegunak dira, eta beraz, ez da Galdabusa zerbitzurik izango egun horietan.
Bestalde, abenduaren 26an eta 27an Gabonetako Haur Parkea izango da Elexaldeko kiroldegian. Horregatik, urtero bezala, gune horretaraino iritsiko den autobus zerbitzu berezia jarriko du Udalak, Galdabusatik aparte. Horrek Juan Bautista Uriarte kaletik, udaletxe parean dagoen autobus geltokitik, Elexaldera doan ibilbidea egingo du, bi norabideetan, goizeko eta arratsaldeko ordutegian.
Autobus zerbitzu hori 11:15etik 12:15era ordu laurdenero abiatuko da udaletxetik, goizean. Arratsaldez 16:45etik 17:45era. Bueltako bidaia, berriz, 13:00etatik 14:00etara bitartean abiatuko da ordu laurdenero Elexaldetik, goizez. Eta, arratsaldez 18:15etik 19:15era, ordu laurdenero ere.
Tarte bakoitzeko lehen autobusa Bengoetxetik abiatuko da (10:45 eta 16:15) eta bigarrena Aperribaitik (11:10 eta 16:40), eta horietara ere bueltatuko da Haur Parketik irteten den azkena (14:30 eta 19:45).
Autobusa egokitua izango da eta mugikortasun urria duten pertsonek lehentasuna izango dute. Zerbitzua doakoa izango da.




