Hilabete luzeetako lan boluntarioaren emaitza, 2016ko urtarrilaren 20an aurkeztu zen jendaurrean BINKE, Galdakaoko eta Usansoloko lehenengo euskarazko komunikabidea, dozenaka lagun eta musikari batu zituen ekitaldian. Orain hamar urteko irudiak batu ditugu ondoko albistean!
Urtarrilaren 20 batez, baina gaur hamar urte, aurkeztu zen jendaurrean BINKE herri-komunikabidea. Gandasegi ikastetxeko areto nagusiak hartu zuen, orduko 19:30ean, Galdakaok eta Usansolok ezagutu behar zuten lehenengo euskara hutsezko aldizkariaren aurkezpen ekitaldia.
‘Aldizkaria’ izenondoarekin ekin zion bere bideari BINKEk, gerora komunikabide osoago bat izango zenak. Gaur egun, paperezko aldizkariaz ez ezik, indar handia hartu dute BINKErentzat bere webgune, sare sozial eta ikus-entzunezko edukiek ere. Baina 2015ean, zenbait usansolotar eta galdakoztar euren herrietako lehenengo komunikabide euskalduna sortzeko batu zirenean, paperezko euskarria baino ez zuten helburu.
Eta 2016ko urtarrilean argitaratu zen aldizkariaren lehenengo zenbakia eskutan, Jesus Eguskiza ‘Eguskik’ eta Joana Lasherasek gidatu zuten ekitaldian musikarik, ilustraziorik eta bertsorik ez zen falta izan:
Iñigo Hernandok —egungo alkateak— teklatuetan eta Asier Soutok saxofoian doinuz lagundu zituzten Arkaitz Estiballesek BINKEri jarritako bertsoak, Lander Zabalak eta Santos Menak kantu herrikoi bi kantatzen jarri zituzten bertaratutako dozenaka herritar, eta ekitaldiak iraun bitartean Eider Eibar ilustratzaileak marrazki eder bat egin zuen guztien aurrean, mihise huts baten hasita.
Ekitaldiaren amaieran garai hartako Topa jatetxeak mokadutxoa eskaini zuen aretora gerturatutako guztientzat —eskerrik asko Jon Ander Pereda, Alvaro Llonin eta Manu Jugo—, eta ekitaldia irudiz batu zituzten Jabi Rojok, Gotzon Almarazek, Mikel Peñak eta Jokin Agirregoikoak.
Orain hamar urteko ekitaldi hark utzitakoaren laburpena bideo honekin batu zuen BINKEk 2016ko urtarrilean.

















Saihestezina zaie BINKEren sortzaileei irudi hauetan ageri diren eta talde-sortzaileko kide izan ziren Izaskun Rekalde eta Iñaki Sarriugarterekin gogoratzea, edota komunikabide honen lehenengo elkarrizketa nagusia izan zen Kontxi Belandiarekin, baita bideo honetan ageri diren eta dagoeneko gure artean ez dauden gainontzeko euskaltzaleekin ere.
Eskerrik asko guztioi, BINKEn sinisteagatik.




