Asier Carrasco, Espainiako Gimnasia Erritmikoko Eskolarteko txapelduna
BINKE / 2026ko uztaila
«Espainiako txapelketan esfortzu eta lan guztia erakutsi ahal izan nituen»
· Asier Carrasco Jimenez
2010, Usansolo
Unkinan eta Elexalden egin ditu oinarrizko ikasketak, eta Usansoloko eskolan eman zituen lehen pausoak gimnasia erritmikoan. Ostean, Santutxu taldera joan zen eta gaur egun Leioako Sakoneta klubean lehiatzen du. 2024an brontzezko domina lortu zuen Espainiako Gimnasia Erritmikoko txapelketan, iaz 2. postua lortu zuen taldeen kategorian, eta aurten aldiz, eskolarteko Espainiako txapelduna izan
da, eta txapeldunordea Espainiako Kopan.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta BINKEri bidalitakoa
Unkina eskolako patioan egin zituen lehen itzulipurdiak, eta han konturatu zen gimnasia erritmikoa egin nahi zuela. Santutxutik igaro ondoren, orain Leioako Sakoneta Klubean ari da lehiatzen, eta bertan lortu ditu ibilbideko emaitzarik onenak. Aurten eskolarteko Espainiako txapelduna izan da, eta txapeldunordea Espainiako Kopan. Baina usansolotarraren lorpenak kirol arlotik haratago doaz. Carrasco gimnastika erritmikoko erreferenteetako bat bihurtu baita mutilen artean. Gizonak diziplina olinpiko horretan lehiatu ahal izateko borrokatzen du, bi generoak barne hartzen ez dituen bakarra baita. Gaztearekin hitz egin dugu bere ibilbideaz eta askok oraindik emakumeena jotzen duten kirolean bizitako esperientziaz.
Pozik zaude egindako denboraldiarekin? Oso harro nago denboraldi honetaz, txapelketa gehienetan atzean dagoen esfortzu eta lan guztia erakutsi ahal izan dudalako. Eta denboraldi honetan nire baitan heldutasun aldaketa bat egon dela sentitzen dut, aurreko denboraldiekin alderatuta.
Bete al dituzu denboraldia hasi zenean zenituen erronkak? Erabat. Denboraldi honetan nire asmoa Espainiako txapelketara iristea zen, banakakoa ondo egitea, eta gertatu zen. Gainera aparatuetako hiru finaletan sartu nintzen, eta Diploma Nazionalagatik borrokatzeko aukera izan nuen. Podiumaren atarian geratu nintzen, nire kategoriako gazteena izanda. Sinestezina izan zen. Gainera, Espainiako beste bi txapelketetan, Euskadi ordezkatuz taldean lehiatu nintzenean, eskolartekoan txapeldun izan nintzen, eta Espainiako Kopan aldiz, txapeldunorde. Oso pozik nago, egia esan.
Noiz hasi zinen gimnasia erritmikoan? Bost urte nituela hasi nintzen kirol honetan, Unkinan eskolaz kanpoko ekintza bat bezala. Futbola gustatzen ez zaidanez, eskolako patioan gimnasia egiten eta itzulipurdiak egiten hasten ziren lagunekin jolasten nuenenean. Ikusi nuen gustatzen zitzaidala eta ondo arintzen nintzela, eta amari esan nion izena eman nahi nuela.

Usansolokoa zara, baina Leioako Sakoneta klubarekin lehiatzen zara. Nola iritsi zinen hara eta zer eragin izan zuen aldaketa horrek zure ibilbidean? Usansolon hasi ondoren, Santutxu Klubean aritu nintzen, baina Sakonetak talde bat eratzeko fitxatu ninduen eta bertan geratzea erabaki nuen. Hasieran ez zen erraza izan, izan ere, hasieratik neraman lekua uztea kosta egin zitzaidan, baina aldaketak hobetzen eta heldutzen lagundu ninduen.
Gazteagoa zinenean, norbaitek inspiratu zintuen edo pentsarazi zizun «nik horra iritsi nahi dut»? Bai, ni txikitatik Eneko Lambearekin inspiratu naiz beti, eta zorionez orain nire kide bihurtu da. Bere bideoak ikusten nituen eta nik berak egiten zuena egin nahi nuen.
Gimnasia erritmikoak entrenamendu ordu asko eskatzen ditu. Nolakoa da zuretzat aste normala, eta nola uztartzen dituzu kirola eta ikasketak? Ba astegunetan ni 07:00etan esnatzen naiz eta institutura 8:30etik 14:30era joaten naiz. Etxera iristen naizenean eta etxeko lanak edo ikasteko zerbait badut, horretan hasten naiz, eta gero 16:00 aldera entrenatzera joaten naiz, 16:30etik 20:00etara normalean. Iristen naizenean, dutxatu egiten naiz, afaldu, eta gero ikasten hasten naiz, zerbait badut, eta bestela, atseden hartzen dut. Normalean, astean zehar lau egunez entrenatzen naiz, eta gero, finaletan, larunbatetan lehiarik ez badago, entrenatzen dut ere. Gogorra da astean 18 orduz entrenatzen dudalako, baina DBH oso nota onekin amaitzea lortu dut.
Zein izan da zure ibilbideko unerik zailena, eta zer ikasi duzu harengandik? Nire ustez, iazko Espainiako Txapelketa ez zen txapelketa ona izan niretzat. Ezin izan nuen denboraldian egindako ahalegin eta lan guztia erakutsi, eta horrek min handia egin zidan. Baina amorru eta min hori, aurtengo nazionalera iristeko hartu nituen, egin dezakedala erakusteko.

Eta mimoz gogoratzen duzun une edo ariketarik? Beti gordeko dut maitasun handiz 2024an egin nuen zinta-ariketa bat, zalantzarik gabe nire gogokoena izan zena eta egitea asko kostatu zitzaidana. Azkenean ahal izan nuen, eta muntaia horrekin Espainiako txapeldun izatea lortu nuen. Baita aurtengo hari-ariketa ere. Onartzen dut abestia hasieran ez zitzaidala asko gustatzen, baina muntaia oso polita geratu zen eta brontzea lortu nuen.
Zer esan nahi du zuretzat Euskadi ordezkatzeak eta Espainiako Txapelketa batean lehiatzeak? Oso pozik nago Espainiako txapelketetan Euskadi ordezkatu ahal izateaz, harro egoteko modukoa baita zu komunitate oso bat ordezkatzeko aukeratua izatea.
Mutilen artean erreferenteak diren kideekin partekatzen duzu kluba. Zer ikasi duzu Eneko Lambea bezalako kirolariengandik? Harengandik ikasi dut kirolaz gozatzen eta lan egiten. Pertsona eta lankide bezala, sinestezina da harekin bizitzea.

Gimnasia erritmikoa nesken kirol gisa ikusten du oraindik jende askok. Inoiz sentitu al duzu aurreiritzirik kirol hau egiten duen mutila izateagatik? Zorionez, nik ez dut inoiz aurreiritzirik edo komentariorik sentitu, baina badakit mutil batzuek gaizki sentitu direla horregatik.
Uste duzu ikuspegi hori aldatzen ari dela? Ez dakit esaten ikuspegia aldatzen ari den ala ez, baina egia da gero eta mutil gehiago ari garela kirol honetan. Gizonezkoen erritmikak ikusgarritasun handiagoa behar du, ikusezinak garela uste dut. Espainia da mutilak maila nazionalean lehiatu daitezkeen munduko herrialde bakarra, baina horraino. Ez dugu maila horretan lehiatzeko aukerarik, ez Errendimendu Handiko Zentroetara joaterik, ezta olinpikoak izaterik ere, eta azken hori da kirolari guztien ametsa. Gimnasia erritmikoa da neskak eta mutilak batzen ez dituen kirol olinpiko bakarra, neskak bakarrik lehiatu daitezke, eta hori aldatu egin beharko litzateke.
Ume batek esango balizu gimnasia erritmikoa egin nahi duela, baina besteek pentsa dezaketenaren beldurra dela, zer esango zenioke? Ausarta izan dadila eta proba dezala, oso kirol polita delako. Inguratu dadila maite duen eta babesten duen jendeaz, eta ez dezala gainerakoari
kasurik egin.
Auzokideen eta Usansoloko lagunen babesa sentitu duzu zure ibilbidean? Bai, beti sentitu izan dut babesa, eta kalean nabilenean zoriondu egiten nauen jendea dago, nire aitaren profiletan ikusi dutelako.

Aurtengo lorpenen ondoren, zer erronka berri ezarri dizkiozu zure buruari epe laburrean? Nire asmoa orain Taldeen Lehen Mailari eustea da, orain denboraldia hasten ari baita, eta aurrerago Lehen Mailarako igoera hori bakarka lortu ahal izatea, baina beti bideaz gozatuz.
Tapizetik kanpo, nolakoa da Asier Carrasco? Kiroletik kanpo pertsona alaia eta lotsati samarra naiz. Irakurtzea, telesailak ikustea eta, batez ere, atseden hartzea gustatzen zait.
Hamar urte barru atzera begiratzen duzunean, zer gustatuko litzaizuke esatea zure ibilbideaz eta Espainiako gizonezkoen gimnastika erritmikoan egin duzun ekarpenaz? Gustatuko litzaidake esatea bere kirola egiten asko gozatu zuen pertsona bat izan nintzela, eta asko sakrifikatu nintzela. •






