Luis Artola eta Iñaki Lagos, musikariak
BINKE / 2026ko uztaila
Zisjordanian bertatik bertara ezagutu ostean, gaztetxoekin lan egiten duen Al Kamandjâti Palestinako musika erakundeari buruzko hitzaldia eskaini zuten Galdakaon Luis Artola eta Iñaki Lagos musikariek, Galdakao Palestinarekin ekimenaren eskutik. Haiekin hitz egin du BINKEk, esperientziaz eta proiektuaz.
Al Kamandjâti Palestinako musika-erakunde bat da, 2005ean Ramzi Aburedwan musikariak sortua, eta musika-hezkuntza demokratizatzea du helburu. Gaur egun, besteak beste, Palestinan eta Zisjordanian lan egiten dute gaztetxoekin, eta Luis Artola eta Iñaki Lagos musika irakasleek Zisjordaniara bidaiatu zuten proiektua ezagutzeko.
Nola deskubritu zenuten Al Kamandjâti proiektua eta zerk erakarri zintuzten gehien Zisjordaniara bidaiatzea erabakitzeko? Luis Artola (LA): Palestinan azken urteotan bizitzen ari diren sarraskiak mugiarazi gaitu, bereziki Gazan Israel burutzen ari den genozidioak astindu digu kontzientzia eta begirada Palestinarantz bideratu. Musikari eta luthier garenez, sektore horretara begira jarri ginen bereziki geure kideak nola diren jakin asmoz, geure elkartasuna helarazteko. Shehada Shalalda luthierra ezagutu genuen lehenbizi, internet bidez. Berarekin harremanetan jarri ginenean bere poza eta esker ona helarazi zigun gure elkartasun gogoagatik. Berak eman zigun Al Kamandjâtiren berri eta bere bitartez jarri ginen harremanetan, bertako langilea baita Shehada. Al Kamandjâti proiektua zinez interesgarria egin zitzaigun, geuretzako ere eredugarri izan daitekelako, musikak ikasleen garapenean izan dezakeen zereginaz hausnartzen aritzen baikara. Iñaki Lagos (IA): Biok Kontserbatorioko irakasleak gara eta bertan talde bat sortu genuen Gazaren genozidioa salatzeko beraz Al Kamandjâti proiektua ezagutu genuenean harritu gintuen zelan musikaren irakaspenak lehentasuna eduki dezakela horrelako egoera larrietan eta argi genuen proiektua ezagutu nahi genuela horretaz zerbait ikasteko eta gure gizarteari ekartzeko.
Bidaiatu aurretik, zer itxaropen zenituzten proiektuari buruz eta han aurkituko zenuten errealitateari buruz? LA: Zisjordaniako okupazio eta apartheid egoerak ez gintuen harritu asko. Urteak daramatzagu Palestinako berriak egunero jarraituz, ez bakarrik Gazakoa, baita Zisjordaniakoa ere. Beraz, han topatu genuen egoera ez zitzaigun egin berria. Hemendik ikusten ari garena konfirmatu baino ez genuen egin. Baina, beren aurpegiak, historiak, sentipenak eta besarkadak itsatsita geratu zitzaizkigun. Beren minak mindu egin gintuen, beren indarrak indartu eta beren itxaropenak animatu. Al Kamandjâti proiektuari buruz ez genekien askorik. Hori izan zen helburu nagusia, proiektua eta proiektuaren arduradunak ezagutzea, ostean elkarlana bideratzeko.Ez genekien ze pertsona izango genituen aurrean, nahiz eta joan aurretik bideo-konferentziz ezagutu genuen elkar. Gogo bizia genuen elkar ezagutzeko. IL: Egia esan ez nuen pentsatzen horrelako proiektua topatzea, irakasleen maila eta baliabideak eta bestalde zelako zailtasunak euren lana egiteko eta batez ere errefuxiatu kanpalekuetara ailegatzeko klaseak emateko.
Nola aurkitu zenuten hango egoera? LA: Leku ezberdinak ezagutu genituen, kolonizazioak gehiago edo gutxiago erasandakoak. Ramallah erdialdean kokatu dago Al Kamandjâti elkartea. Han ditu bulegoak eta eskoletako bat. Gune hori burbuila bat da, beren esanetan, bertan ez baitituzte sufritzen beste herri, kanpaleku eta eskoletan ia egunero jasaten dituzten erasoak eta zailtasunak. Errefuxiatu kanpalekuetan, UNRWAren eskoletan ematen dituzte beren musika klaseak Al Kamandjâtiko irakasleek. Kanpaleku horietan 1948ko Nakban Palestinako beste lurraldeetatik, gaur egun Israel deitzen duten horretatik, kanporatutako Palestinarrak bizi dira. Kanpaleku horiek ez dira kanping dendaz osatutakoak, adreiluz eta hormigoiz egindako etxe eta auzoak dira, baliabide eskasekin, pilaketa haundia jasaten dutenak, langabezia eta pobrezia haundiak eta etorkizun murritza haur eta gazteentzat. Kanpotik begiratuta herri itxura eta tamaina dute, hamar mila inguru biztanlekoak. Gune horietako haur eta gazteak dira Al Kamandjâtiren helburu. Horietako batean, Qualandiyan, erasoa egin berria zuten soldadu israeldarrek gu iritsi ginenean. Musika eskolan sartu ziren gauez eta musika tresnak apurtu zikieten. Holako erasoak arruntak dira. Etsi etsian, amorruari buelta eman eta hurrengo egunean berriro klaseak ematen hasi ziren. Ikasleen gogoa izan zen beren akuilua. Zisjordanian C eremuko herri txiki eta nekazarietan ari dira gertatzen erasorik larrienak, baita A eremuko zenbait hiritan, Jenin, Nablus eta Hebronen. Ramallahn bertan ez dugu ikusi txikiziorik, bai ordea inguruko herri eta lurretan. Oso nabaria da kolonoen okupazio etengabea, muinoz muino. Lurra kolonizatzen ari dira baina ez biztanleak. Atsekabea, samina eta etsipena eragiten diete egunero Israelek baina harrigarri egin zaigu beren indarra, animoa, erresistentzia eta itxaropena. Baita alaitasuna eta maitasuna ere. Txundigarria! Gu lotsarazteko adinakoa. Badugu zer ikasia. IL: Honetaz aparte harriagarria da zer musikari onak topa ditugun eta zelan maite duten euren lana eta musika orokorrean.
Nolakoa izan zen zuen lehen harremana Al Kamandjâtin parte hartzen duten haur eta gazteekin? LA: Itzela! Haur eta gazte horien irribarrea, alaitasuna, elkartasuna eta jakinmina harrigarriak dira. Hori da Gazan suntsitu nahi izan dutena. Haurrak dira Palestinaren biziraupena, etorkizuna, haurrak dira beren erresistentzia. Harremana oso erraza izan da beraiekin, nahiz eta hizkuntza muga izan. Hobeto esanda, hizkuntza ez da muga izan. Beraiek hurbiltzen zitzaizkigun jakinminez lehen unetik, irribarretsu eta jolasti. Bizitzeko grina nabaritzen zaie, gauza berriak ikasteko zaletasuna. Musikarako ere dohaina dute eta ikasteko gogoa ere bai. IL: Klaseak eman nituen hainbat ikasleekin eta oso pozik egin nuen nire lana, ikasleak poz-pozik etortzen ziren eta nahiz eta hizkuntzaz aparte oso ondo ulertu genuen elkar. Animikoki oso argi dute han geratuko direla baina beldurra ere hor dago, Gazaren genozidiotik Czisjordaniako egoera gero eta txarrago da eta kolonoek gero eta lur gehiago hartzen ari dira.
Musika irakasle zaretenez, zerk harritu zintuzten gehien musika proiektuan bizitzeko eta irakasteko moduaz? LA: Egoera hain larrian bizita, musikarako gogoa izateak harritzen gintuen. Galdera horren erantzunaren bila joan ginen. Zein da musika eskola baten eginkizuna okupazio egoera batean? Handik bueltan zera esan dezakegu, musikak sendatzeko gaitasuna duela, samina leuntzekoa, etsipena itxaropen bihurtzekoa, jendea elkartzekoa, nortasunari eustekoa, … azken batean, haurrak eta gazteak hezitzeko eta indartzeko jakintza bat da. Erresistentziarako tresna bihurtu zaie musika. Hori izan zen sortzailearen asmoa, Ramzi Aburedwan biola jolearena. Ramzik gogoan zuen bere haurtzaroa, lehen intifadan zortzi urterekin jada soldadu okupatzaileei harri eta esku hutsekin aurre egiten. Musikak lagundu zion biolentziaren zurrunbilotik atera eta bizitzari beste bide batetik heltzen. Palestinaren biziraupenerako borroka musikaren bitartez bideratzean, haur eta gazte horiei indarra, itxaropena eta nortasuna eman nahi izan die. IL: Ramallahko egoitzan oso leku polita daukate alde zaharrean eta irakasleek egiten dute euren lana normaltasunarekin, orkestrak dauzkate eta hainbat ekintzak burutzen dituzte, baina euren helburu nagusiena errefuxiatu kanpamentuetara ailegatzea da, eta honek arazo asko ekartzen ditu. Nik irakasleak legundu nituen eta egunero arazoak dituzte, batzutan check-pointak itxita daude eta ezin dira joan, besteetan orduak itxaron behar, jipoiak jaso, kotxea apurtu, tirokatu… Benetan harrigarria da irakasleen adorea egunero klaseak eman ahal izateko eta kanpalekuetatik zelan eskertzen duten lan hau.
Izan al zen Zisjordaniako egonaldian bereziki markatu zintuen esperientziarik, kontzerturik edo topaketarik? LA: Bai, askotxo. Batzuk maitagarriak eta beste batzuk mingarriak. Palestinarrek egin ziguten harrera beroa, eskuzabala eta alaia da aipagarriena. Shehadaren familiak beren etxean hartu gintuen, ohea eta janaria emanez. Elkartasuna ikustean etxeko egiten zaituzte berehala. Halaxe hartu gintuen Al Kamandjâtiko jendeak, etxekotzat. Ramallahko udalaren Palestina Music Spaceko gazte artisten indarra eta samurtasuna ere barruraino iritsi zitzaigun. Pozgarria izan zen, oso, gazte sortzaileen lana ikustea, zein ederra, goi mailakoa eta adierazgarria. Herriaren egoera larriari artearen bitartez aurre egiten ari dira, mina elkarrekin sendatu eta ametsari bide ematen. Iltzatuak geratu zaizkigu baita oso bestelako irudiak: beduinoek (artzaiek) jasandako erasoak, ukuiluko abereak kiskalita, erail berria izan zen gaztearen gorpua, Hebrongo kontrol umiliagarriak, musika irakasleek jasandako erasoen historiak, chek-point batean izan genuen liskarra, eskabadorak kolonia berriak eraikitzen, gazte kolonoak Jerusalemen palestinarrak iraintzen, apurtutako instrumentuak, … IL: Honetaz aparte umeak, leku guztietan bezala, zoragarriak dira, egunero egoten ginen eurekin jolasten nahiz eta dena ez ulertu, eta jendearen beharra euren arazoak kontatzeko, oso garrantzitsua zen eurentzat guk gure herrian kontatzea zer gertatzen ari den eta egunero bakoitzaren istorio mingarriak eta bidegabeak entzutea zaila egiten zitzaidan, kolonoek umeak erretzen, beste batek familia zuen Gazan eta ez zekien bizirik zeuden…
Zuen ustez, zein rol betetzen du musikak palestinar gazteen bizitzan eta bizi duten egoera konplexuan? LA: Musikak, eta arteak orokorrean, hainbat helduleku ematen dizkie gazte palestinarrei: munduarekiko konexioa, minak askatzeko bidea, itxaropena marrazteko aukera, edertasuna sortzekoa, elkartzeko eta komunikatzeko aitzakia, beren burua indartzeko eta palestinar nortasuna sendotzeko baliabidea. IL: Bai niretzat oso tresna garrantsitzua da jendea ahalduntzeko, bizitza sentzua daukala sentitzeko eta euren bizitzarekin jarraitzeko ezinbestekoa ikusten dut.
Proiektua gertutik ezagutu ondoren, aldatu al da Palestinari edo musika-hezkuntzaren botere eraldatzaileari buruzko ikuspegia? LA: Bai, neurri batean bai. Palestinako egoera etsigarria da, erraldoia baita aurrean duten munstroa, etengabe erasoan, mugarik eta zigorrik gabe, geure gobernuen laguntzarekin … Horretaz lehen baino kontzienteago izan ginen han bertan. Baina, beren gaitasun eta indarra ez genuen ezagutzen. Horrek bereziki txunditu gintuen. Han, beren lurrean irauteko asmo sendoa, libre bizitzeko itxaropena transmititzen ziguten une oro. Musika horretarako tresna dute, erresistentziarako, biziraupenerako. IL: Gure gizartean artearen desbalorazio handi bat dago eta musikaren egoera ere hemen ez da batere erreza honetaz bizitzea, nire ikasleei oso zaila egiten zaie lehentasuna eman musikari, horregatik niretzat Palestinan ikustea benetan musikaren indarra eta garrantsia gure garapenerako indarra eman dit nire lanarekin gogor jarraitzeko.
Zer helarazi nahi diezue zuen ikasleei eta hemengo gizarteari Al Kamandjâtiri buruz eta bidaia honetan ikasi duzuenari buruz? LA: Injustizien aurrean izan beharreko betebehar etikoan hezi nahi genituzke. Berdintasuna, askatasuna eta justizia direla ongizaterako ateak. Pertsonak eta herriek eskubideak ditugu ongi bizitzeko, duin eta aske. Beraz, eskubide horiek urratzen direnean, bai hemen eta bai beste lurralde batean, norberaren erosotasuna utzi, altxatu eta laguntzeko beharraz ohartu nahi ditugu. Elkartasuna dela herri eta pertsonen arteko samurtasuna, maitasuna. IL: Horrelako egoeretan argi eta garbi ikusten da arte eta musikaren boterea, ikasleei hori helarazi nahi izango nieke, egiten duguna pentsatzen dugun baino garrntzitsuagoa dela eta musikari lehentasuna emateak merezi duela.
Bidaiatu ostean egin dituzuen hitzaldiei esker, hango egoera ezagutzera eman eta Israelen genozidioa salatzeko aukera izan duzue. Zergatik da garrantzitsua Palestina eta inguruko zonaldeek pairatzen ari diren egoera salatzen jarraitzea? LA: Auzoko etxea erretzen ari dela ikusten baduzu, auzokoak barruan direla, garrasika, irten ezinik, gizakiaren joera eta behar etikoa gizaki horiek salbatzea da. Gure herrietan, aldiz, gobernari eta enpresariak beste jarrera batekin ikusten ditugu, piromanoekin negozio ilunetan. Gure herriak ardura eta erantzukizuna ditu han gertatzen ari denarekiko. Hango kolonizazioa, apartheida, garbiketa etnikoa, genozidioa Europarron konplizitateari esker gertatzen ari dira. Europa, Euskal Herria barne, Israelekiko harremanak eten ordez Palestinaren aldeko elkartasuna kriminalizatzen ari da. Errepresioa areagotzen ari da eta oso itxura txarra hartzen. Palestinako kolonizazioa Europako proiektua da, europarrek asmatua, gauzatua, zuritua eta babestua. Eusko Jaurlaritzak ere dirutza bideratzen du eta jasotzen du Israelekiko hartu-emanetik, zuzenean eta euskal enpresen bitarteaz. Aldiz, dirutza horren ehuneko batera ez da iristen Palestinara bideratzen dena giza-laguntza gisa. Hortxe ikusten da gure etika eza, moral bikoitza eta hipokresia. Batetik suntsitzen lagundu, errentagarria baita kolonizazioa, eta bestetik tirita batzuk bidali zauriak sendatzen ari direnaren itxurak egiteko. Kolonizazioa gure herrian ere hasten delako gure ardura da hartu-eman kriminal horiek etetea, sionismoak gure herrian dituen erroak moztea. IL: Palestinarren beldur handiena da munduan inork ez jakitea bertan zer gertatzen ari den. Horregatik guretzat hitzaldiak garrantsitzuak dira, eurek bakarrik ezin izango dute arazoari buelta eman eta gure laguntza ezinbestekoa da Israelen jarrera aldatzeko.




