Galdakaoko Udalak urte luzez esku pribatuetan egon den Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua munipalizatuko du, eta Udal Gobernuaren esanetan, aldaketak «eragin positiboa» izango du langile eta erabiltzaileentzat. Zerbitzu horretan 17 urte daramatzan Gotzone Hazas langilearekin hitz egin du BINKEk egoera berriaren inguruan.
Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua bere gain hartuko du Galdakaoko Udalak, urte luzez esku pribatuetan egon ondoren. «Prozesu luze eta gogorra» izan da Udal Gobernuaren esanetan, eta aldaketak hobekuntzak ekarriko ditu erabiltzaile eta langileentzat. Hain zuzen, langileek hasi zuten zerbitzua munizipalizatzeko eskaera, eta prozesuan zehar parte hartu dute, proposamenak eginez. Gotzone Hazasek 2009tik lan egiten du Galdakaoko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, eta «oso pozik» dago erabakiarekin.
Zer eragin izango du langileentzat Udalak bere gain hartzea Galdakaoko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua? Lehenbizi kontuan izan behar duguna abiapuntua da. 2015etik daramagu kobenio berdinarekin eta horretan sinatu ziren baldintzak ez dira oso onak hain zuzen. Soldata nahiko eskasa da, zerbitzua eskaintzeko baldintzak asko hobetu ahal dira…. Guk gure onena ematen saiatzen gara, baina nazkatu egiten gara. Horregatik, duela hainbat urte sindikatuek Udalarekin batzea eskatu zuten, zerbitzua eta langileon egoera hobetu behar zelako. Ordutik, Udalak entzun egin ditu gure eskaerak eta proposamenak, eta azkenik zerbitzua bere gain hartzeko erabakia hartu du. Gure aldetik asko eskertzen dugu, itxaropena eman digutelako. Soldata hobetuko digutela esan digute eta hori eskertzekoa da beti. Egoera berriaren beldur izan dezaketenak daude, baina nik, Gotzonek, esperantza handia dut. Egoera oso txar batetik abiatzen zarenean, hoberantz egitea baino ez duzu espero.
Eta erabiltzaileentzat, eragin positiboa izango du Udalak dioen moduan? Esan duten guztia betetzen bada, noski, eta ni seguru nago beteko dela. Hobekuntza handienetakoa denbora minimoan egongo da, Udalak ordu erditik ordu batera igo duelako. Ordu erdian ia ezinezkoa da erabiltzaileek behar dutena eskaintzea. Pentsatu behar dugu guk pertsonekin lan egiten dugula, ez makinekin, eta egun bakoitzean egoera ezberdin bat dutela, bai fisikoa eta baita mentala ere. Asko aukeratu ez duten bakardadean bizi dira, eta gu gara egunean zehar ikusten duten pertsona bakarra. Joaten garenean bakardade hutsera bueltatzen dira, eta gu askotan haiekin geratzen gara hutsune hori betetzera, eta baita denbora ematen ez diguna egitera. Udalak egingo duen aldaketa honi esker, lehen egiten genuen lan berdina egingo dugu, baina behintzat denbora extra hori ordainduko digute… Ez dugu asko eskatzen, baldintza duinak eta erabiltzaileen beharrak asetzen dituztenak izatea baino ez. Dependentzia handiko pertsonentzako gradu gehigarri bat sortuko da ere, zerbitzua haien beharretara egokitzeko. Orain 1, 2 eta 3 graduak existitzen dira, eta aurrerantzean sortu berri den 3+ gradua ere kontuan izango da.
Hobekuntzak nahikoak direla uste duzue langileok? Beti hobetu daiteke gehiago, oso lan gogorra delako fisikokiko eta mentalki, baina pozik gaude, ulertzen dugulako esfortzu handia egin dela trantsizio hau egiteko. Aurretik esan dudan moduan, oso garrantzitsua da ulertzea pertsonak daudela zerbitzu honen atzean, eta abiapuntu hori hartuz, baldintza duinak behar direla aldarrikatzea. Udalak zerbitzua munizipalizatuko zuela iragartzeko egindako prentsaurrekoan esan zuenez, zaintza publikoa izan behar da, osasuna edo hezkuntzarekin gertatzen den moduan. Hori zentroan jarriz, egoerak hobera egingo du beti.
Zein da zuen lanaren alderik gogorrena, jendeak agian ezagutzen ez duena? Karga fisikoa oso handia da, askotan mugitzen ez diren edo mugikortasun oso urria duten pertsonekin aritzen garelako. Baina karga mentala da batez ere lan honen alderik gogorrena. Egoera zaurgarrian edo bakarrik dauden pertsona askorekin lan egiten dugu eta gure etxera heltzean horiek alde batera uzten saiatzen garen arren, oso oso zaila da askotan, gure lagunak bihurtzen direlako, eta haientzat oso sostengu handia garelako. Azpimarratu beharra dago ere, karga mental hau sufritzen dugun gehiengoa emakumeak garela oraindik. Zaintza emakumeengan dagoen ardura da oraindik kasu askotan, eta Galdakaoko Etxez Etxeko Zerbitzuan adibidez, langile guztiak emakumeak gara. Hausnartzeko
datua da.
Nola ikusten duzu sektorearen etorkizuna? Ba langileen artean beti komentatzen dugu, gero eta adin handiagoarekin hiltzen garela, eta horrek sektorea gero eta gehiago haztea egingo duela. Hori ona izango da? Kudeaketaren arabera hobetu daiteke, ala ez. Galdakaon uste dut aurrerapauso bat eman dela eta urte luzetan zehar egindako eskaerei erantzun dela. Zaintza erdigunean jarri da eta publikoa izan behar dela aldarrikatu da. Nire kide batek esan zuen moduan, zaintza Galdakaora bueltatu da. •




