Galdakaoko Udalak dirulaguntzak eskainiko ditu eskola materiala herriko saltokietan erosteagatik. Dirulaguntza gaurtik urriaren 2ra eskatu daiteke.
Eskola materiala herriko saltokietan erosteko dirulaguntza deialdia abiatu du Galdakaoko Udalak beste urte batez. Horren bidez, familiei ikasturte hasierak dakartzan gastuei aurre egiten laguntzea eta, aldi berean, herriko merkataritzan egindako erosketak sustatzea da helburua.
Gaurtik urriaren 2ra bitarte aurkeztu ahal izango dira ESAN herritarren arretarako bulegoan eta Galdakaoko Udalaren webgunearen bidez. Formularioa betetzearekin batera, eskaera justifikatzeko behar den dokumentazioa eta ordainketa egiteko bankuko datuak jasotzen dituen hirugarrenen alta agiria aurkeztu beharko dira.
Laguntzak bi urteko gelan, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan matrikulatuta dauden ikasleen guraso edo tutoreek eskatu ahal izango dituzte, baita hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleenek ere.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, ekainaren 1etik urriaren 2ra bitartean Galdakaoko establezimenduetan egindako erosketak hartuko dira kontuan. Horregatik, oso garrantzitsua da epe horretan egindako erosketen fakturak gordetzea, eskabidea aurkezterakoan gainerako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko baitira. Tiketak ez dira kontuan izango.
Dirulaguntzaren zenbatekoa familia unitatearen diru sarreren arabera zehaztuko da, eta 140 euro emango dira gehienez ikasle bakoitzeko eta 350 euro familia bakoitzeko.
Dirulaguntzak ikasturtean erabiltzeko hainbat eskola material erosteko gastuak ordaintzera bideratuko dira. Besteak beste, diruz lagundu ahal izango dira Haur Hezkuntzako amantalak eta adur zapiak; teknologiako, musikako eta heziketa plastikoko materialak; mahaigaineko materiala eta suntsigarriak, hala nola arkatzak, boligrafoak, ezabatzeko elementuak, klipak, zorrozkailuak, erregelak, eskuairak, kartaboiak, koadernoak eta folioak; baita sailkatzaileak, artxibategiak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, hiztegiak, motxilak eta antzeko materialak ere.
Ez dira diruz lagunduko, berriz, betaurrekoak, lentillak edo antzeko produktuak; ikasliburuak eta irakurketa liburuak; arropa eta oinetakoak; ezta ekipo edo gailu informatikoak ere.
Informazio gehiago eskuratzeko edo zalantzak argitzeko, herritarrek 944010540 telefono zenbakira deitu edo hezkuntza-euskara@galdakao.eus helbidera idatz dezakete.




