Urrian antolatuko den Euskal Pilotako Mundu Txapelketaren prestaketen baitan, Euskal Pala Selekzioak Argentinako Selekzioaren kontra jokatuko du Galdakaon. Zapatuan, irailak 26, izango da, eta hiru partidaz gozatu ahal izango da Kurtzeko frontoian.
Euskal Pilotako XX. Munduko Txapelketa urriaren 15etik 24ra jokatuko da Argentinan eta Uruguain. Euskal Selekzioak ere parte hartuko du bertan, eta azken prestaketetan murgilduta dago.
Horri esker, Galdakaon mundu mailako pala pilotaririk onenetakoak ikusteko aukera izango da asteburu honetan: Galdakaoko Kurtzea pilotalekuak Euskal Selekzioa eta Argentinakoa aurrez aurre jarriko dituen pilota jaialdia hartuko du zapatuan, irailak 26.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Galdakaoko Udalarekin elkarlanean antolatutako hitzordua 18:00etan hasiko da. ‘Galdakaotik Mundura’ lelopean, egitasmoak «herriko pilota zaleei euskal pilotako goi mailako hainbat pilotari zuzenean ikusteko eta Euskal Selekzioa gertutik jarraitzeko aukera eskainiko die».
Arratsaldean zehar hiru partida jokatuko dira, emakumezkoen larruzko paletako norgehiagokarekin hasita. Uxue Urgoitik eta Enara Anituak osatutako bikoteak Naia Zugaza eta Maialen Landajo izango ditu aurkari.
Ondoren, Euskal Selekzioa eta Argentinakoa paletan neurtuko dira. Bertoko ordezkari gisa Iñaki Urrutia eta Ibai Perez arituko dira, eta aurrez aurre izango dituzte Roman Maldonado eta Mateo Villorou argentinar pilotariak.
Jaialdia pala motzeko norgehiagokarekin amaituko da. Kasu honetan, Jagoba Madariaga eta Imanol Ibañezek Euskal Selekzioaren elastikoa defendatuko dute Pablo Fusto eta Agus Maldonadoren aurka.
Herritarrak eta pilota zaleak larunbatean Kurtzea pilotalekura gerturatzera animatu ditu Udalak, «euskal pilotako goi mailako pilotariak zuzenean ikusteko eta Euskal Selekzioari babesa emateko aukera paregabea baita».




