Galdakaon grabatutako Erlojupekoa film laburra ostegunean estreinatuko da
Ikus-entzunezkoa
BINKE / 2022ko ekaina
Galdakaon grabatutako Erlojupekoa film laburra ostegunean estreinatuko da
TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke
Eguen honetan, ekainak 9, gozatu ahal izango da iazko irailean eta urrian Galdakaon grabatu zen Erlojupekoa film laburraren emaitzaz Torrezabal Kultur Etxean. Lanak dozenaka galdakoztar eta usansolotar ere baditu protagonista, eta denekin solasean aritzeko aukera izango da emanaldiaren ostean.
Iazko ekainean gidoi laborategi batekin hasi, irailean 70 pertsona inguruko herritarren kasting batetik pasa eta urrian grabaketak amaitu zituen Erlojupekoa laburmetraiaren emaitza ekainaren 9an ikusi ahal izango da Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan.
Bira Produkzioak taldeko Leire Egañak zuzendutako laburmetraia Galdakaon eta galdakoztar zein usansolotarrekin grabatu zen, Udalbiltzaren «Geuretik sortuak» ekimenaren baitan Galdakaoko Udalak Euskal Herriko erakunde honekin lehenengoz abian jartzen zuen elkarlanaren ondorio.
Urte eta erdiren ondoren, Erlojupekoa laburmetraia «Bost teilatu» film kolektiboaren parte da, eta datorren eguenean —hilak 9 dituela— ikusi ahal izango da Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian. Ostean gainera, solasalditxo bat ere egiteko aukera eskainiko dute Birako kideek, gidoia lantzen, film laburrean parte hartzen edo besterik barik emaitza ikusi eta horixe komentatu gura duten guztiekin.
Eñaut Tolosa gidoilari izan duen film labur hau komedia surrealista bat da, bizikletan enkarguak banatzen dituen rider bat protagonista duena —Lore Nekane Billelabeitia aktorea—, eta hainbat herrikide partaide dituena.
«Bost teilatu» filma berriz Hernanin, Tafallan, Lesakan, Baigorrin eta Galdakaon grabatutako bost laburmetraien emaitza da, eta hala deskribatzen dute egileek:
«Nork bere etxean Krak egin duten Ane eta Mirenen dolua; Ekaitz gazteak eta Inaxio edadetuak baserrian bizi duten katarsiak emandako Arnasa; Michelle paristarrak jaioterrira itzultzean deskubrituko dituen Hitzak eta nortasunaren gaineko galderak; paketea dagokion teilatupera eramateko Erlojupekoa lehiatzen duen mezularia eta, azkenik, tentsioz eta arriskuz betetako Muga inguruan babestuko duen teilatu baten bila dabilen Kamaru gazte afrikarra».