«San Juan eguzkia»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2022ko ekaina
Eguzki hitza, eki edo ekhi iparraldean, egun, berbeagaz lotu behar dogu eta eguzki-argia dago bere oinarrian. Urtean zehar, mundua mundu danetik, besteak beste, eguzkiari adi egon da gizadia lurreko bizibidean. Eguzkia, lau urtarotan da garrantzitsua baina euskal kulturan udaren hasierako eguzkiak ohitura asko sortu deuskuz. Izan be, udako solstizioan, eguna luzatzen hasten da eta jazoera horren inguruan kristau aurreko zein osteko ospakizun ugari aipatu geinkez. Oraingoan, Gorbeialdeko ohitura zahar bati ekingo deutsagu, San Juan egunsentia Gorbeiako gurutzetik ikusteari. Ohitura hau sano zaharra da Gorbeialdean. Batzuk, eguna argitu orduko igoten dabe Gorbeiako gurutzera eta beste batzuk, bezperatik igonda bertan emon gaua. Bitzuen helburua, San Juan egunsentiko lehenengo eguzki izpiak ikustea, laino, lainabehera edo hodeirik egon ezik. Eta nondik ikusi? ba, aiko; Gorbeiako gurutzetik Anbotorantz begiratuz, Alluitz eta Zorrotza bitartean dagoan «Paso del diablo» gainetik ikusten dira lehenengo eguzki-argi izpiak. Udari «egun on» esan eta ortozik bedartzan oinak bustiten dira osasunerako ona ei dalako. Jagon daiguzan euskal usadio zaharrak etorkizunean!