Oier Ibarretxe, Espainiako Boxeo Absolutuko txapelketan irabazle
Kirola
BINKE / 2022ko ekaina
Oier Ibarretxe, Espainiako Boxeo Absolutuko txapelketan irabazle
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIAK: Oier Ibarretxek bidalitakoak
Espainiako Boxeo Absolutuko txapeldun berria da Oier Ibarretxe galdakoztarra. Elite mailan lehen urtea du galdakoztar boxealari gazteak, eta modu bikainean hasi du estreinakoz ari den goimailako ibilbidea.
Joan den asteburuan Cartagenan ospatu zen Espainiako Boxeo Txapelketa Absolutuko irabazle berria da Oier Ibarretxe (Galdakao, 2003). Jakina da kirol honetan askotarikoak direla aurki daitezken modalitateak, eta normalean pisua aintzat hartzen dute hauek. Bada, berari dagokionez, 63,5 kilotako amateur mailan nagusitu zen, «Superarin» —Superligero— izena dagokio pisu honi.
Txapelketari dagokionez, nabarmentzekoa da gainontzkeo modalitate eta adin guztiak aintzat izanik bera izan zela finalera iritsi zen euskaldun bakarra. Final laurdenetan aurkaria erretiratu, eta finalerdietan erakustaldi biribil baten ostean lortu zuen finalerako txartela Ibarretxek. Azken honetan «epaileak oso zorrotz jokatu zuela» helarazi diote galdakoztarraren ingurukoek aldizkariari, eta hala ere «aurkaria baino gehiago izan zela». Norgehiagoka gogor baten ostean gailendu zitzaion Ibarretxe Jesús Lesa kantabriarrari, eta Espainiako Absolutu Mailako txapeldun berri izendatu hala.
Garaipen berri honekin, Ibarretxek bosgarrenez irabazi du Espainiako Txapelketa. Joan den azaroan irabazi zuen laugarrena, eta orduan ere eman zuen garaipenaren berri Binkek. Hala ere, goiko lerroetan nabarmendu bezala aurten du debuta elite mailan, eta bere ingurukoek nabarmendu dutenez honek «kutsu berezi bat ematen dio lorpenari».