«Ez gaituzte isilaraziko», Xabi Ealo
Xabi Ealo Diaz
BINKE / 2019ko ekaina
Ez gaituzte isilaraziko
Donostian, ekainaren 9an, 10.000 pertsona batu ginen ospatu beharko ez litzatekeen jaialdi batean. Adierazpen- eta prentsa-askatasuna aldarrikatzeko jaialdia eta Gara laguntzekoa aldi berean. XXI. mendean, aurretik aipatutako oinarrizko eskubideak aldarrikatzen jarraitu behar ditugu? Bada, zoritxarrez bai. Gaur egun aldarrikatu behar ditugu eta ez dirudi epe laburrean egoera aldatuko denik. Hainbat dira euskal prentsak jasan dituen erasoak, izan zuzenean edo izan zeharka. Azkena eta Donostiako jaialdia ospatzearen arrazoia, Eginen itxieraren ondorioz eratu ziren zorrak Garari ezartzea. Gogoratu behar da hedabide baten aurka egiten den eraso oro, biztanleria osoari eragiten dion zerbait dela, izan ere, eta Espainiako Konstituzioaren arabera, pertsona orok du eskubidea informazioa jasotzeko, edozein dela hedabidea. Zenbat hedabidetan eman da Donostiako ekitaldi horren berri? Zergatik zentsuratu dute batzuek zentsuraren aurkako ekitaldia? Auto-zentsura legez ez da zentsura kontsideratzen baina zalantzarik ez dago zentsura kasurik okerrena dela. Mconak-en kantak esaten duen bezala, «mozalek ez gaituzte gu isilaraziko» eta izan garelako, ni neu izango Naiz eta gu geu izango Gara.