Iritzia
Kepa Urrutikoetxea Arrieta
BINKE / 2022ko otsaila

Agur eta ohore, Iñaki

Adiskide Pilota Elkarteko kide garrantzitsu bezain historikoa izan da urte luzez Iñaki Ibargarai galdakoztarra, domekan bertan zendu zena. Bere omenez berba hauek idatzi gura izan ditu Binkeren bidez Kepa Urrutikoetxea lagunak. Gugan bego, Iñaki.

Hil adi, alaba aite» dio A. Oihenarten errefrauetako batek: Hil zaitez eta alabatuko zaituzte.

Eta halan izan da, eta ez. Ikusi zaitut omenaldi batzuetan, baina ez merezitako guztietan. Lerro hauek adibideko.

Gerizpe luzea utzi duzu herriko pilotan eta kulturan. Zenbat lan, zenbat ordu eman dituzun, eta gehienetan isilpean, agertu barik: hau egin beharko litzateke, honela egin, eroan hau, ekarri hori,…Zuzen eta ahapetik.

Iritzi guztiak ez zenituen gustuko —nork bai?— baina lehenengo purrustada ostean beti zetorren adostasunerako bidea, irtenbidea bilatzeko pausoa eta guztiz ados egon barik ere, lanean jartzen zinen portu onera heltzeko.

Herriko zenbat ume eta gazte pasatu diren zure eskuetatik, zenbat izen zure paperetan idatzitako zerrendetan, beti aurretik euren aukerak ondo aztertuta: nor, norekin, non. Eta guztien izenak buruz jakin, gurasorenak ere bai askotan. Zenbat partida ez ote zenuen antolatu astero-astero, herriko jaietan, euskararen aldeko ekintzetan, Perretxiko egunean, edozelango ospakizunean. Herriko eta herrirako zerbitzuan beti.

Frontoia maite zenuen edo, hobe, frontoian pilotariak ikustea, harmailak jendez lepo egotea. «Heri honetako jendeak baloratzen ditu pilota partida onak eta pilotariak» esaten zenuen eta horretarako eta horregatik ahaleginak jartzen zenituen ostiraletako partidak arduraz zaintzeko.

Batzuk, agian, pilotaz aberastuko ziren; zuk, Iñaki, pilota aberastu duzu.

Zorretan gaude.