Ainara Ramasco: «Ibaizabalen apustu nagusia harrobiarekin oso lotuta dago»
Ainara Ramasco, Ibaizabal Saskibaloi Taldeko jokalaria
BINKE / 2016ko maiatza
«Ibaizabalen apustu nagusia harrobiarekin oso lotuta dago»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Ibaizabal Saskibaloi Taldeak aurtengo denboraldian ez du lortu lehenengo mailara igotzea, baina partidu guztietan eskaintzen duten maila, atzetik duten zale eta harrobiaren fruitu ere bada.
Beti ez dira borrokatutako nahiak betetzen, baina amets horri ekitean dago gakoa. Hori oso argi du GDKO Ibaizabal Saskibaloi Taldeko kapitaina den Ainara Ramascok (1989, Galdakao), eta aurtengoan lehen mailara igotzea lortu ez badute ere, borroka horri beti ekingo diotena azaldu digu. Ez dute, oraingoz, ametsa lortu, baina Binkek eurekin egon gura izan du halere.
Oraingoan ezin izan duzue goi-mailara igo, baina zuen lana ziur goi-mailakoa izan dena… Bai, egia esan… Astean zehar 6 entrenamendu ditugu, lau arratsaldez eta bi goizez. Horrez gain, taldekide gehienok aldi berean lana edota ikasketak ere baditugu, eta beraz, gure sakrifizio eta lana nahiko handia izaten da. Hala ere, azkenean, esfortzu guzti horrek merezi duela uste dut, taldearekin batera bizitako momentu guztiengatik. Azken finean, saskibaloian, eta seguraski kirolean aritzen garenontzat, bizitzeko modua da.
Hiru urte dira Emakumezkoen Ligarik gorenean egon zinetena, zuen ametsa berriz hor egotea? Zalantza barik! Itzela izan zen txikitatik nire kluba izan denarekin igotzea! Asko gustatuko litzaidake berriro liga horretan Ibaizabalekin jokatu ahal izatea. Hala ere, badakigu oso zaila dena liga horretan aritzea, klubaren aurrekontu ekonomikoak asko baldintzatzen duelako lehenengo taldearen helburua. Horregatik, Ibaizabalen egiten den apustu nagusia harrobiarekin oso lotuta dago.
Zein da lehenengo mailan eta bigarrenean egotearen arteko diferentzia, lan aldetik? Niretzat ez da egon desberdintasun handirik bien artean, entrenamenduen intentsitate eta kopurua antzekoa izan delako. Baina egia da Emakumezkoan Bigarren Mailan egoera kaskarragoa dela, jokalari gutxi batzuk dira guztiz profesionalak eta horregatik, aldi berean lan egin behar izaten dute.
Hurrengoan ere lehen mailara igotzeko borrokan jarraituko duzue? Beti ibiliko gara borroka horretan, ahalik eta gorenen egoteko ilusioa eta nahia dugu. Hala ere, igotzearena ez zen gure aurtengo helburua, beraz, igoera fasea jokatzea sari baten modukoa izan da guretzat, urte osoan zehar egindako esfortzuagatik merezitakoa bada ere…. Ia hurrengo urtean berriz jasotzen dugun horrelakorik!
Horrelako egoeretan, zein punturarte dira garrantzitsua zaleen babes eta animoak? Oso garrantzitsua da zaleen babesa, eta Ibaizabali falta ez zaion kontu bat dela uste dut. Azken urteetan ikusi eta sentitu ahal izan dugunez, Urretako armailak ia partidu guztietan beterik egon dira eta kanpoko partiduetara ere zale puxka batek lagundu izan gaitu. Horrez gain, politena umeek gure partiduetan duten ilusioa ikustea da… gure harrobiak urte osoan zehar gureganako izan duen jarrera harro sentitzekoa da! Harro sentitu, eta eskertzekoa, duda gabe!