Zokoratutako berbak
Ainara García Goitiandia
BINKE / 2022ko martxoa

Arrakastak feminismoa hil du

Mugimendu feministaren arrakasta eta geroko erasoaldien fruituak pairatzen doguz gaur. Ultraeskuinaren gorakadak eta matxismoaren inguruko negazionismoak ez dau batere lagundu. 78ko Erregimen honetan eroso, gaur egungo gizon aske, tolerante eta aliatuek euren abantailak babesten dabez. 15-29 urte bitarteko mutil gazteek indarkeria matxista feminismoaren asmaketa dala pentsatzen dabe. Gurean, pasadan urtean, 62 emakumek bizkartzaina eroan eben eta 4.800 gehiagok beste mota ezbardinetako babes poliziala jaso behar izan eben, indarkeria matxistaren biktimen desfilea. Inauteri hauetan Barakaldon lau gizon gaztek neskato bat erasotu eben etxerako bidean.

Datu hauek, emakumeen gai soil hauek gitxi izango ez balira, feminismo ideologikoak be berea jaso dau. Disidentzia ez da zilegi egun ilun hauetan. Feminismoaren banaketa teoria neoliberalak dirala medio, gureak egin dau, emakume berbea be erbesteratu deuskue. Prostituzioa, pornoa, alokairu-sabelak… besteak beste, emakume gorpuaren salerosketa, lan duin legez agertzen deuskue. Gure gorputzak saltzeko askatasunaren argudio neoliberala.

Bitartean, gure etxeetako batzarretan, gizonek askatasunaren ikurrina astintzen dabe, euren emakumeek janaria prestatu, harrikoa egin, zerbitzatu eta ume eta zaharrak jagoten dabezan bitartean. Aliatuaren hipokrisiaren eredu guda garaian. Emakumeen kontrako guda ixil eta hotza, gizonen abantailak mantentzeko. Patriarkatua eta kapitalismoaren onurarako guda.

Guda guztiak moduan.

Kontzientzia feminista eta amorrua besterik ez daukagu gure alde.