Azaroaren 27an jokatuko da Galdakaon Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrea
Bertsolaritza
BINKE / 2021eko iraila
Azaroaren 27an jokatuko da Galdakaon Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrea
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Bertsozale Elkartea
Binkek bere sare sozialen bidez aurreratu zuen berria: Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetariko bat Galdakaon jokatuko da. Hala ere, orduan ez zuen aldizkari honek jakin noiz eta zein tokitan antolatuko zen bertso-saioa. Publiko egin da dagoeneko eta hemen batu dugu informazio guztia, baita ziur nortzuk arituko diren ere.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren edizio berriak urriaren 3arekin hasiko du bere ibilbidea Durangon, eta Bilbon amaituko du abenduaren 18an, 17:00etatik aurrera Miribillako Bilbao Arenan. Final handiaren aurretik, baina, edozein txapelketatan ohikoak diren kanporaketak eta finalaurrekoak antolatuko dira.
Kanporaketak sei izango dira —Durango, Igorre, Ortuella, Mungia, Elorrio eta Getxon— eta finalaurrekoak hiru. Bada, bigarren finalaurrekoa Galdakaon izango da azaroaren 27an, 17:00etatik aurrera, Urreta kiroldegian —beste finalaurreko biak Etxebarrian eta Larrabetzun—.
Finalaurre galdakoztarrerako sarrerak oraindik ez dira salgai jarri, baina behin salmenta irekita bertsosarrerak.eus atarian egin ahal izango da. Saiora joateko interesa duenak, sarrerak aurretik internet bidez erosteko deia egin zuen Bertsozale Elkarteak astearteko prentsaurrekoan. Eta sarrerak oraindik soberan geratuko balira, Urretan bertan jarriko lirateke salgai saioaren egun berean 16:00etatik aurrera.
Galdakaoko bertso-saiorako txartel zuzena Aitor Bizkarrak, Etxahun Lekuek eta Xabat Galletebeitiak eskuratu zuten, eta hauekin arituko dira Mungiako eta Getxoko kanporaketetako irabazleak, eta puntuazioz hirugarren geratzen dena. Sei bertsolari, guztira.