«Balkoiak eta leihoak», Karmele Arrieta
Karmele Arrieta Zuazo
BINKE / 2020ko apirila
Balkoiak eta leihoak
Aspaldian ez ditut etxeko kristalak garbitu. Urtean behin egiteko ohitura dut. Balkoiko lorak ere niri begiratzen egoten dira, noiz kasu egin. Baina hau ezustekoa! Negua joan da eta berrogeialdia heldu zaigu. Hasieran, zer da hau? Beldurra, ezinegona, haserrea. Leihoetatik balkoirako joan-etorriek xurgatu zidaten arnasa.
Geroago, kobazulo bihurtu ditut balkoiak eta leihoak.Hasi naiz erreparatzen goizeko isiltasunean badaudela txoriak. Zuhaitzek osto berriak dituztela. Tximeletaren bat ere ikusi dut. Eta auzokideak ere baditudala!
Lehen eskegita zituzten erroparen arabera sailkatzen nituen: kantzontzilo edo kulero bakarra, bakarrik biziko da; kirol kamisetaduna, kirolzalea; umeen erropak, umeak biziko dira… Baina bat-batean auzokideak ere baditudala konturatu naiz eta nik bezala, txoriak, zuhaitzak, bitxiloreak edo tximeletak maite dituztela. Eta leihoak eta balkoiak haien kobazulo bihurtu dituztela.
Egunonen ostean, dena ondo? Zeu ere etxean? Eta gurasoak? Eta umeak? Elkarrizketa luzeak izaten dira. Ez dugu eguaraldiaz berba egiten. Eta hitzorduak dauzkagu egunero: lapikoen eta txaloen txaparrada, musika eta kantu emanaldiak, diskofesta, argazki eta bideo trukaketa.
Isiltasuna eta beldurra menderatzen ditugu egunero.
Bihar berriro, ezta?