Euskal Pilota Selekzioak Munduko Txapelketarako prestatzeko prozesuan, Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketa antolatuko dute, lehen aldiz. Txapelketa berriak 30 jaialdi inguru bilduko ditu, eta jardunaldietako baten egoitza Galdakao izango da, domekan.
Argentinan urrian jokatuko den Munduko Txapelketari begira Euskal Pilota Selekzioa egiten ari den prestaketa prozesuaren baitan, Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketa lehiaketa berria antolatu dute
Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak eta AMPO enpresak.
Txapelketak bi helburu nagusi izango ditu. Alde batetik, hautatzaileei pilotariak benetako lehiaketa testuinguruan ikusteko eta baloratzeko aukera ematea; eta, bestetik, Euskal Pilota Selekzioa «herriz herri sozializatzea, ikusgarri egitea eta herritarrengana hurbiltzea».
Txapelketan zazpi espezialitate jokatuko dira: Larruzko Paleta, Pala Motza, Eskuz Banaka Gizonezkoak frontoi osoan, Eskuz Binaka Gizonezkoak, Eskuz Banaka Emakumezkoak 4 eta erdian, Zesta Punta Banaka Gizonezkoak 36 metroko frontoian eta Zesta Punta Banaka Emakumezkoak 36 metroko frontoian.
Lehiaketa asteburu honetan hasiko da, guztira zazpi jaialdirekin, eta lehen jardunaldietako bat Galdakaoko Kurtzea frontoian lehiatuko da.
Hitzordua 11:00etan hasiko da eta eskuz banakako bi neurketa izango dira, «zaleentzat ikusgarritasun eta emozio handia» agintzen dutenak. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.
Jardunaldia goi mailako neurketa batekin hasiko da, Irribarria eta Zabaleta jokalarien artekoa, egungo euskal pilotaren erreferente nagusienetako bi.
Ondoren, galdakoztarren artean ikusmin handiena pizten duen neurketa helduko da: herriko pilotari Gaizka Carregal eta Xabi Santxo aurrez aurre izango dituena.




