Bekeako etxe batean zegoen plaka frankista kendu du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak, Memoria Historikoaren legea betez, Bekea auzoko etxebizitza batean jarrita zegoen frankismo garaiko oroigarria kendu du. Jabego horren oinordekoen baimenarekin egin duela azaldu dute Udal Gobernutik.
Galdakao Gogora taldeak 2014. urtean eskatu zion Galdakaoko Udalari Bekea auzoko etxebizitza batean jarrita zegoen frankismo garaiko oroigarria kentzeko. Orain, Memoria Historikoaren Legea beteta, plaka kendu egin duela iragarri du Udal Gobernuak.
Jabego horren oinordekoen baimenarekin egin duela azaldu du Udalak, etxearen jabegoa dutenek plakan oroitzen den Legorburu familiarekin zerikusirik ez dutela azpimarratuz.
Hau da marmorezko lausan idatzita zegoen testua: «En esta casa nació el heroico requeté y Caballero de España, Ignacio Legorburu Ibarreche. Murió en Fuentes de Ebro (Zaragoza) el día 15 de Noviembre de 1938. Al servicio de Dios y la patria. El Ayuntamiento de Galdácano le dedica este recuerdo».
Udalak Ignacio Legorbururen senideei jakinaraziko die hartutako neurria, «haietako inork oroigarria nahi balu bere eskutan uzteko». Bitartean, Udalaren biltegian gordeko dela adierazi du.