«Beldurrak», Maddi Sanchez
Maddi Sanchez Arrarte
BINKE / 2019ko otsaila
Beldurrak
Nik nagusitan okina izan nahi dut, eta ama, eta Galdakaon bizi, eta…». Haurtzarotik amesten darabilgun etorkizun hori atezuan daukagu gazte askok; izan ere, zenbaiti aurten baitagokigu ikasketak amaitu eta «nagusitan izan nahi genuen» horri eusteko unea. Nahiz eta horren hurbil izan jauzia, maiz aurkitzen dut oraindik nire burua «nagusitako etorkizun» hori urrun bezain hipotetiko irudikatzen, egia bihurtzeko zaila ikusten dudanaren seinale. Azken aldiko belaunaldirik prestatuenetarikoa osatzen dugun arren, ziurgabetasunez jositako bidea izango dugu afizio eta bokazio horiek ogibide bilakatzeko. Ofizioak egiten gaitu autonomo, burujabe eta gure bizitzaren eraikitzaile; baina egungo lan prekarioak eta alokairu zein bizi-prezio altuak nabarmen zailtzen ari zaizkigu askatasuneranzko hegoak astintzea. Gazteok hemen bizi eta lan egin nahi dugu; herria eraikitzen jarraitu; herriari hauspo ematen; herria biziberritzen; hemen. Bada, horretarako, aberastasunaren egarriz zapaltzen gaituzten politika horiek baztertu eta herria, pertsonak eta bizitza bera ardatz dituzten ekintzak hartu behar ditugu oinarri. Bitartean… etorkizuna beldurgarria izan daiteke.