Memoria Astea antolatuko dute Galdakaon, bonbardaketaren 89. urteurrenaren harira

Argazkia: Irati Alonso García.

Tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik 89 urte beteko dira maiatzaren 19an, eta horren harira Memoria Astea antolatuko dute Galdakao Gogora Elkarteak eta Udalak. Hemen batu ditugu eskainiko dituzten ekintza guztiak.

Urtero moduan, 1937an sufritu zuen bonbardaketa gogoratuko du Galdakaok maiatzaren 19an. Tropa faxistek bonba bat jaurti zuten Plazakoetxeko aterpe sarrerara, eta hamasei galdakoztar hil zituzten erasoan.

«Oso garrantzitsua da memoria bizirik mantentzea, eta are gehiago bizi garen garaietan», azaldu du Iñigo Arriandiaga alkateak urteurrenaren harira aurten egingo diren ekintzen aurkezpenean. «Erakundeen beharra da memoria berreskuratzea, eta prozesu hori herriko elkarteen eskutik egin behar dugu», nabarmendu du udaletxeko pleno aretoan egindako agerraldian.

Kepa Lizarraga eta Yolanda Larrea Galdakao Gogora Elkarteko kideak ere izan dira hitzorduan, elkarteak eta Udalak elkarlanean prestatu dituztelako urteurrenaren inguruko ekintzak aurten ere.

Larreak adierazi duenez, hiru ekintza eskainiko dira guztira. Batetik, Burdin Hesitik bisita gidatua egingo dute maiatzaren 17an, eta 09:00etan abiatuko dira Kurtzeko plazatik.

Bestetik, maitzaren 19an —urteurrenaren egunean— ekintza bi antolatuko dituzte. Biktimei omenaldia egingo diete herritarrek, elkarteek eta instituzioek Plazakoetxen, 12:00etan.

Arratsaldean aldiz, Katixa Agirrek Barne zerbitzuak liburua aurkeztuko du Torrezabal Kultur Etxean 19:00etan. «Eleberri horretan gerraosteko emakume abertzale espioiei buruz aritzen da idazlea», azaldu du Larreak.

Hitzarmena Intxorta 1937 Elkartearekin

Bonbardaketaren urteurrenaren harira prestatutako egitaraua aurkezteaz gain, berri bat iragarri dute Galdakaoko Udalak eta Galdakao Gogora Elkarteak: hitzarmena sinatu dute Intxorta 1937 Elkartearekin, Galdakaoko gerrako umeen zerrenda argitaratzeko.

Elkarte hori kolpista faxistei aurre egin zieten pertsonen oroimena berreskuratzeko lanean ari da 1986tik eta duela urte batzuk gerrako umeen zerrenda osatzen ari da ere.

«Herrietara etorri behar gara eta elkarlanean aritu behar gara prozesu hori osatzeko, herrietan daudelako testigantzak», azpimarratu du Juan Ramon Garai elkarteko presidenteak hitzarmena sinatzean.


situs togel

situs toto