Santakurtzetako kartela hautatzeko lehiaketa martxan da

Argazkia: Ander Elordui.

Aurtengo Santakurtzak iragartzeko kartel lehiaketa martxan jarri du Galdakaoko Udalak. Lanak aurkezteko epea ekainaren 15era arte egongo da zabalik, eta albiste honetan batu dugu parte hartzeko jakin beharrekoa.

Urtero egin ohi duen moduan, Galdakaoko Udalak aurtengo Santakurtzak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du. «Herriko talentu artistikoa balioan jartzen jarraitzea da ekimen honen helburua, baita jaietako irudia definitzeko eta horiei zabalkundea emateko herritarren parte hartzea sustatzea ere», azaldu du Udalak.

Lehiaketarako lanak aurkezteko epea zabalik dago, eta ekainaren 15era arte egin daiteke Torrezabal Kultur Etxean dagoen Kultura, Gazteria eta Kirol Arloan, 09:00etatik 14:00etara.

Lehiaketak bi modalitate izango ditu: haur eta gazteena (2009 eta 2018 urteen artean jaiotako pertsonak, biak barne) eta helduena (2008ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotakoak).

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi obra aurkeztu ahal izango ditu, eta horiek originalak izan beharko dute, aurrez saritu gabeak eta beste lehiaketetan aurkeztu gabeak. Ez da onartuko adimen artifizialarekin egindako kartelik. 

Gaia Santakurtzak 2026 izango da, teknika zein kolorea libreak izango dira, eta kartel guztiek derrigorrez jaso beharko dute «GALDAKAOKO SANTAKURTZAK 2026. Irailak 11-20» testua.

Edukiari dagokionez, lanak ezin izango dira diskriminatzaileak izan, parekidetasuna eta sexu edo genero identitatea errespetatu beharko dute, estereotipoak saihestu beharko dituzte eta ezingo dute indarkeria matxista inolaz justifikatu, banalizatu edo sustatu. 

Irabazleentzako sariak

Sariei dagokienez, helduen kategorian, lehen saria 1.000 eurokoa izango da, bigarrena 400 eurokoa, eta azken kopuru bereko saria emango zaio Galdakaoko lehen sailkatuari.

Haur eta gazteen kategorian, berriz, sariak herriko merkataritzan erabiltzeko 100 euroko bonuak izango dira, eta hiru adin tartetan banatuko dira: 2016 eta 2018 artean jaiotakoak, 2012 eta 2015 artean jaiotakoak, eta 2009 eta 2011 artean jaiotakoak.

Bost kidez osatutako epaimahaiak erabakiko ditu kategoria desberdinetako irabazleak; horiek udal, kultura eta arte arloekin lotutako profil desberdineko pertsonak izango dira, lanen balorazio anitza bermatzeko. Organoak emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua izango du, berdintasun irizpideekin bat etorriz.


situs togel

situs toto