Zabalean
Joanes Urkixo Beitia
BINKE / 2020ko iraila

Bisera buruan

Umetako argazkiak ikuskatzen ditudan aldiro beti irudi berak ematen dit atentzioa. Sei urte inguru ditut eta bertan irmo agertzen naiz, eskopeta bati sendo eusten, partisanoen zaindari baten antzera eta aurpegiera gupidagabea erakusten. Gaur, berriz, eta aurrenekoz, argazkian janzten dudan txapelari erreparatu diot, eta inguruko argazkietan janzten dudan biseradun txapelari ere bai. Ez dut lehenengoaren oroitzapenik, biserarena ordea bai, eta hori gogoratzean, ez bedi inor harritu, kultur kolonialismoak uste baino sano arinago harrapatu gintuela konturatu naiz.

Munduan asko legez, garai hartan Coca Colak zurgintza lantegi bat zeukan Zabalean, gure etxe inguruan. Hantxe egiten zituzten tabernetako errotuluak, okumez edo kartoiz eta konpainiaren logoa eskuz margotuta. Hango langileekin adiskidetu nintzen eta, kokakolak debalde edan ez ezik, behin batean Coca Cola izena margotu zidaten biseran, filigrana klasiko guztiekin. Ni pozaren pozez, amak zelan hartu zuen berriz ez dut gogoratzen baina, atera kontu, argazkietako biseran ez dago horren arrastorik.

Kontua da, beraz, tarte labur batean iragarki-mutil ibili nintzela eta musu truke gainera, gaur arropa eta zapata markekin hain arrunta den modura. Hausnarketa da, bestalde, Coca Cola ez zela hasiera baino, handik laster gure mundua bakero eta gerra filmez, eta Superman, El Fantasma edo Mandrakeren tebeoez, eta Los Picapiedra edo Viaje al Fondo del Mar telesailez betetzen hasi zitzaigulako. Partisanoa forajido bihurtu zen eta harrezkero sheriff amerikanoaren puntumiran dago. Arto koxkolez.