«Bizikletak eta txokolatea», Joanes Urkixo
Zabalean
Joanes Urkixo Beitia
BINKE / 2022ko ekaina
Bizikletak eta txokolatea
Gaur egun, kirolarientzat dieta egokia zein funtsezkoa den gauza jakina da, eta oker eginda karrera honda dezakeela ere bai. Hori beti jazo da. Niri, esaterako, Roque Mendiako jaietan jazo zitzaidan.
Roque Mendia zen, Frankoren garaian, gaur Iberluze izena daraman kale aldapatsua. Beheko aldean, Plazakoetxetik gertu, 1966 edo 1967 urtean lagun aldra batek auzoko jaiak antolatu zituen. Behin antolatu ere. Frankoren garaian, zer espero.
Ekitaldi bat gazteentzako txirrindulari igoaldia izan zen, kaleko behe aldetik abiatuta, Zabaleako Txabolitako goiko muturrean zela helmuga. Eta hara hor ni, beste mutiko mordo batekin, zein bere bizikleta astunari eutsiz. Pilo bat ginen eta, antolatzaileek bitan banatu gintuzten, bakoitzean hiruna sailkatu eta azken igoaldi bat egingo zelarik.
Neure txandan bigarren geratu nintzen. Amak harrera egin zidan helmugan, zuhamuxka-lore sorta batekin eta txokolatearekin. Bizkor jaitsi ginen eta abiapuntuan kokatu gintuzten amaitzaileok, atsedenik gabe, ni artean txokolatea jaten ari nintzela. Berriro abiatu eta segidan txokolatea ahoan itsatsita sentitu nuen, ore lodia eginda eta edateko urik ez neukala. Aurrenik nindoan, Zabalganeko Lukasekin eskuz-esku, baina Aperriren etxera heldurik ezin gehiago eta seko gelditu nintzen. Tua bota gura eta turik ez, txokolate ildotxo bat ezpainetan zintzilik baino ez zen irteten. Arnasarik gabe, baina amorratuta, berriro igo bizikletara eta, neke batean, karrera amaitzeko moldatu nintzen.
Hara, ba. Dieta okerrak balizko karrera hondatu zidan eta, txirrindulari barik, idazle bihurtu nintzen.