Bizitzaren orekarekin kirolean
Zugatzuko skatepark estalia
BINKE / 2020ko otsaila
Bizitzaren orekarekin kirolean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
«Ez dakizue zer daukazuen» esanez amaitu du erreportaje hau lantzeko solasaldia erreportaje honetako protagonista gazteenaren amak. Bada, horretarako balio ditzatela ondorengo lau orrialdeek. Zugatzun eraiki zen skatepark estaliaren inguruan aritzeko batu ditugu bertan ibiltzen diren lau lagun: bata galdakoztarra, besteak ordea Sestao, Durango eta Bermeotik Galdakaora etortzen diren zaleak.
Planetak gure inguruko gauzei bigarren —edo hirugarren— bizitza bat eman eta ingurunea zaintzeko beharrean gaudela oihukatzen digun garai honetan, lau urte pasatxo bete dira Galdakaon bi horiek ekintza bakarrean egin zirenetik. Batetik, enpresa pribatu batentzat aspaldi eraiki zen estalpeari bigarren erabilera bat eman zitzaiolako —erabilera publikoa, gainera—. Eta bestetik, enpresa haren itxieraren ondorioz bertan sortu zen zabortegi inprobisatua garbitu egin zelako, ingurunea zainduz. Zugatzun dagoen skatepark estaliaz ari gara.
«Maderas Acha y Zubizarreta» enpresa, orain 30 urtetik gora, egurra lantzen zuen Galdakaoko enpresa ertaina zen. Lantegia bera lehengo Formica enpresaren bulegoen parean zegoen, Mercadillo zubirantza doan zuzengunean. Lantegi honen biltegi nagusia eta egurrak sikatzeko orubea aldiz, errepidearen beste aldean zegoen; errepidearen eta trenbidearen artean, elkarren ondoan dauden txaleten atzean.
Euskal Herrian gaude, eta badakigu hemen zelako eguraldia egiten duen. Edozer lehortzeko eraikinik egin behar baduzu, leloenak ere ondo daki estalpe bat jarri beharko diozuna, eta horixe zen «Maderas Acha y Zubizarreta» enpresak eraiki zuena aipatutako zelaian, erreportaje honetako gaiari aitzakia eman dion horretan.
Egurra lantzen zuen lantegi haren azken jarduera publikoa —sareko hemerotekan aurkitu daitekena behintzat— 1991. urtekoa da, enpresa honek eskuragarri jarri zuen azken kontu-gordailutze edo depositokoa. Geroztik, orubea hustu baina biltegiko estalpea bertan utzi zuten, 2014 arte zabortegi inprobisatu eta zikin baten funtzioa betetzen ibili delarik.
Estalpearentzako bizi berria. Galdakaoko Udalak, orduan Ibon Uribe alkate zela, aterpe eta inguru horri bizi berria eman eta dena garbitzea erabaki zuen, espainiar estatuko kanpoko eta doako skatepark estalirik handiena bilakatzeko. Gauzak horrela, 2013an lehenengo pausua eman zuen 300.700 euroko hasierako aurrekontuarekin.
Obra egiteko lehiaketa irabazi zuen enpresak itxi egin behar izan zuenez, nahi baino gehiago atzeratu zen skate zaleen bilgune bihurtuko zen eremuaren inaugurazioa. Eta azkenik, bost hilabete inguruko obraren ostean, 2015eko uztailean inauguratu zen skateboarder-ek «La Kubierta» deitzen dioten skatepark estalia.
Aterpeak berak 1.400 metro karratu ditu, ZUT enpresak diseinatu zuen —Armando Santos skater-aren laguntzarekin— eta Juan Ignacio Corres Abasolo arkitektoak eraman zuen obraren kontrola, Udaleko Hirigintza-teknikariekin batera.
Batzuentzat, ezezagun. Aldizkari honek ez du ikerketa handirik egiteko baliabiderik, eta Instagram bitartez egindako inkesta bat inoiz ez da estatistikoki fidagarria izango. Ez behintzat formala. Baina besterik ez eta otsailaren 10-11 bitartean Binkeren Instagram kontuaren bitartez egindako inkestatxo bat erreferentziatzat hartzeko atrebentzia izan dugu.
Inkesta horretan argi utzi zuten herritar askok skatepark honen berri bai, baina gehienak inoiz ez direla bertan egon. Aipatutako inkestatxoa 103 pertsonek erantzun zuten, eta %62ak onartu zuen, galdakoztarra eta gaztea izanda —hori izan baita parte-hartzaileen profila—, inoiz ez dela bertan egon. Egia da herrigunetik aldenduta dagoela, eta agian hori da bertan egon ez izanaren arrazoia, baina hori aldeko puntua dela onartzen du Josu Gereta Zuazo skater galdakoztarrak.
Gereta da ondoko lerroetako galdakoztar bakarra, eta ez skatepark-ean Binkek emandako arratsaldepasan galdakoztarrik ez dugulako aurkitu, kanpotik datozenek gure herriko gune bat zelan baloratzen duten jakin gura dugulako baizik.
Galdakao, skater-en bilgune. Aurreko lerroetan herritar askorentzat La Kubierta urruneko gunea dela esan badugu ere, bigarren etxea da kanpotik datozen skater mordoarentzat. Josu Gereta anfitrioirarekin batera, Sestaotik gurera etortzen den Itxaso Rodriguez Garcia, Aitor Molina Garcia durangarra eta Ian Ponciano Gabantxo bermeotarra ezagutu ditugu Zuhatzuko aterpean.
Azken hau, 12 urtekoa, Zulai bere amarekin etorri ohi da, eta amak onartu egin digu lehenengoz etorri zirenean ez zutela parkea aurkitu: «Bueltaka ibili ginan inguruko residentzia, taberna eta auzokideen artean galdetzen, baina inauguratu barritan inork ez ekien non egoan skatepark-a eta Bermiora bueltatu ginan trenez».
Gaur egun, batez ere, euria egiten duenetan joaten dira bertara, «Bizkaian estalita dagoen doako skatepark bakarra delako», dio Aitor Molina durangarrak. Eta Itxaso Rodriguezek gehitu: «Bizkaian hiru skatepark daude estalita, baina pribatuak dira eta 5-6€ inguru ordaindu behar dira sartzeko, eta egoera ez dago egunero joateko moduan». «Beraz, Euskal Herriko eguraldia ezagututa, imajinatu zenbat bider etorri behar izaten dogun Galdakora!», dio irribarretsu Ian gazteak.
Hala ere, solasaldiaren parte ere baden Zulai Gabantxok dio Galdakao erreferente bat bilakatu dela skater guztientzako, «eta ez euria egiten dauanean bakarrik, udan be gerizpe goxoa egoten dalako aterpeari esker, eta bete-beteta egoten da hau». Horrela ba, ia urte guztian zehar etorri ohi dira lau lagunak, astean bizpahiru bider Durangotik, Sestaotik eta Bermeotik. Eta ia egunero, Josu Gereta etxetik, Galdakaotik. Geretarentzat galdakoztar askok baloratzen ez duten pribilegio bat da mota honetako skatepark bat herrian bertan izatea, «gozamen hutsa dalako gelditu barik batetik bestera skate gainean ibili ahal izatea, leku zabala dalako eta alkarri oztopo egiten ez deutsagulako gainera».
Bada zer hobetu. «Familia moduko bat da hemen sortzen dana, azken batean danok askotan etorten garalako eta oso giro ona sortzen dalako gure artean», dio Molinak, «horixe da niri skatepark honetatik gehien gustatzen jatana». Bertara bakarrik joateko ere arazorik ez dutela esaten dute hiru adinez nagusiek, eta Itxasok zehaztu: «Domeka arrasti batean, adibidez, hona bakarrik bazatoz, bardin da, badakizulako hamen egin dozun lagunen bategaz topatuko zarala».
Egunean dozenaka skater batzen dituen La Kubiertatik «mundu osotik etorritakoak pasatu dira: Gasteiztik, Frantziatik, Kataluniatik…», dio Geretak, gune honen oihartzun internazionala azpimarratzeko. Baina inguru hau hobeto ezagutzen dutenak eurek dira, ia egunero bertatik gurbildun taula gainean ibiltzen direnak; eta tartean, gure lau protagonistak.
Horregatik, skatepark-a hobetzeko gomendioak batu nahi izan ditu Binkek, eta eremu honen «balorazio oso positiboa» laurek egiten badute ere, Ianen amak bai onartu du batzutan autokarabanarekin joan behar izaten dutela Zugatzura, «txis egiteko lekurik be ez dagoalako hamen». Rodriguezek: «Trabaren bat aurkitzetakotan, inguruan dendarik ez dagoala esango neuke, ez daukagu edan edo jatekoak non erosterik, eta etxetik ekarri behar dogu dana». «Auzokideen kontainerrak kenduta, zarama bakarra dago ganera, eta batzutan horrek eragiten dau inguruan zikinkeria egotea», arrazoitu dabe Ianek eta Zulaik, «nahiz eta normalean oso garbi egoten dan».
Udalak, bere aldetik, ekarpen hauek kontuan hartuko dituela esanez erantzun dio Binkeri.
Auzokideak ez hain pozik. Lau skater-ekin batu aurretik, gertuen dauden etxeetako txirrinak jo eta auzokideekin batzeko osteratxoa ere egin zen. Orokorrean, proiektua «nahiko ondo» ikusten badute ere, elkarrizketatutako lau auzokideek bat egiten dute «parkea gure etxeetatik hurbilegi» dagoela baieztatzean. «Zarata handia sortzen dabe errodamenduekaz eta gehienetan musika topera izaten dabe», diote bi auzokidek, «eta inoiz ez dogu ulertuko zelan bota ahal izan deuskuezan harriak lorategira, batzutan gu bertan gagozala». «Hori oso gutxitan» gertatu dela onartu badute ere, auzokideetariko bat abokatuekin dabil, skatepark hori bertatik kendu dezaten borrokatzeko.
Auzokideekin berba egiten ari garela, batek gogorarazi egin du «Bilboko Aste Nagusia ospatzen dan bakotxean zelai guzti hori kanpamentu bat» bilakatzen dela, eta «Udaltzaingoa sarritan joaten bada be, salmenta ‘susmagarrietan’ ibiltzen dan furgona bat inoiz ez dabela harrapatzen».
Erreportajeko lau skater-ek erabat ulertzen dituzte auzokideen kexak, baina gaitzetsi egiten dute aipatutako guztia, eta ez dute euren burua «inondik inora be» aipatutzat sentitzen: «Gutxiengoa izango da, gu hona skatean ibiltzera baino ez gatoz-eta, inor mintzeko asmo barik». •