Politika
BINKE / 2022ko maiatza

Bizkaiko PP ere Usansoloren segregazioaren alde agertu da

TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Bizkaiko PP

SER irrati kateak Bizkaiko politikariekin egin ohi duen mahai-inguruak ezusteko bat eman du gaur, PPren Bizkaiko idazkari nagusi Eduardo Andradek «usansolotarren nahia» defendatu duenean. Bea Ilardia galdakoztarra bertan izan da EH Bilduren ordezkari, eta harriduraz berba egin du Andraderen esanen aurrean.

Bizkaiko Alderdi Popularrak ezustekoa eman du gaur SER irrati kateko mahai-inguru batean, Galdakaoko udalbatzaren gehiengoarekin bat datorrela esan eta orain Usansoloko bizilagunei Galdakaotik segregatzeari buruz erabakitzeko «ematen zaien eskubidea» babesten duela esan duenean.

Alderdi kontserbadorearen jarrerak harrituta utzi ditu «Hoy por Hoy Bilbao» saioak ohiko duen Bizkaiko batzarkideen tertulian parte hartu dutenak, bereziki bertan ere izan den Bea Ilardia galdakoztar eta EH Bilduko kidearenak. Eduardo Andrade Bizkaiko PPko idazkari nagusi eta ahaldun popularrak adierazi duenez, «Usansoloko bizilagunek Bizkaiko beste udalerri bat izateko eskubidea irabazi dute», eta gaineratu egin du: «Gizartea asko aldatu da azken urteotan eta hori bermatzen duten txostenak ikusi ditugu».

Andraderen adierazpenek harritu egin dute bereziki EH Bilduko bozeramaile galdakoztarra, eta solasaldiaren gidariak ere Andraderen berbak eten ditu, Ilardiari bere harridura aurpegiaz galdetu eta honek hau esan duenean: «Pozten naiz orain gehiago garelako, baina harritzen nau PPren jarrera aldaketak, Galdakaoko udalbatza PPko kideekin partekatu izan dudanean eta gai hau babesteari uko egin izan diotenean beti». Amaitzeko, Andradek esan du «arrazoiak agian ez dituela legezkotasunak babesten, baina horretan lan egin beharko dela».


Albiste honekin lotuta…