Boikota sufritu izana salatu du Ganguren Mendi Taldeak
Polemika
BINKE / 2022ko martxoa
Boikota sufritu izana salatu du Ganguren Mendi Taldeak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Ganguren Mendi Taldea
Ganguren Mendi Talde galdakoztarrak udalerriko zenbait mendi-tontorretan jarritako plakek boikota sufritu izana salatu dute. Plaka hauek, Binkek jasotako argazkietan ikus daitekenaren arabera, Arteta auzoan jarritakoak dira.
Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeak, bere 75. urteurrenaz baliatuz, 2020ko otsailan udalerriko mendietan plaka informatiboak jarri zituen, tontor bakoitzaren izena eta altuera ageri direla. Plaka horietan, aldiz, elkartearen logoa ere ageri da, eta Arteta auzo usansolotarreko plaketan irudi hori ezabatu izana salatu du mendi taldeak.
Artetagana (340 m.) eta Antzuloaga (San Anton Txikerra izenez ezaguna, 317 m.) tontorretako plaketan egin da, gutxienez, Ganguren Mendi Taldeak salatutako boikota, eta taldeak berak Binkeri bidalitako oharrean adierazi du «ekintza honeik egiten dabezanak ez dirala mendizaleak, mendiko jarduerak errespetatzen ez dabezan bitartean».
Plaka hauek Galdakaoko talde batek Usansolotzat hartzen den eremuan jartzea izan omen da boikotaren arrazoia, medio honi iradoki diotenaren arabera, baina ez da oraindik egiletza argitu. Hala ere, elkarte galdakoztarrak «informazio honek kalte inori egiten ez deutsala» adierazi dio Binkeri, eta errespetua eskatu dute mendizale taldekoek.