«Carpe Diem», Amaia Sagredo
Amaia Sagredo Gorospe
BINKE / 2018ko otsaila
Carpe Diem
Azkenaldian nahiko arduratuta nabil. Denboran gero eta arinago bidaiatzen ari naiz. Beti aurrera, egunak, hilabeteak, urteak… beti aurrera. Izugarrizko abiaduran doan tren honetako leihatiletatik ene bizitzako pasarteak fotograma gisa ikusiz. Konturatu naiz, baina, fotograma horien ordena faltaz. Jauzi itzelak ematen dituzte denboran zehar. Orain, iraganeko gertakizunek, bat batean geroaldira egiten dute salto; oraindik gertatu ez baina amestu ditudan oroitzapenetara, hain zuzen ere. Berriz iraganera.
Non dago momentu honetako, gaurko momentua? Auskalo.
Orainaldia leiho gardena da. Leihotik begira orduak eman arren, barrutik kanpora begiratzean geroa ikusiko dugu; eta kanpotik barrura, iragana. Gutxitan izango gara leiho horren diseinuaz, kristalaren distiraz eta gure islaz gozatzeko gai; are gutxiago, ikusle garenon momentuko zoriontasuna eta bizi honetan egotearen patua dastatzeko gai. Eskuin eta ezkerrera, gora eta behera begiratzen dugu, albokoen zorian murgilduz. Horrela egiten du ihes biziak, norberaren benetako orainaldiak, film honetan leiho eder horren fotograma bat bera ere gorde gabe. Sentitu momentua, iraganera bidaiatzen duten orainaldiko segundo horiek, egiazkoak eta propioak izan daitezen.
Carpe diem.