
Gaizka Carregalek Bizkaiko Kluben Pilota Txapelketako finala jokatuko du Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Adiskide Pilota Elkarteak bidalitakoa
Galdakaoko Kurtzea pilotalekuak Bizkaiko Kluben Arteko Txapelketako finalak hartuko ditu bihar, abenduak 28, eskuz banakako hiru kategoriatan. Nagusien 1. Mailan Adiskide Pilota Elkarte galdakoztarreko Gaizka Carregalek jokatuko du, Txumuxulueta taldeko Rekalde I pilotariaren aurka.
Gabonetako giroan murgilduta, hitzordu berezia hartuko du bihar, abenduak 28, Galdakaoko Kurtzea pilotalekuak, izan ere, Bizkaiko Kluben Arteko Txapelketako hiru final jokatuko dira frontoi galdakoztarrean 16:30etik aurrera.
Eskuz banakako partidak izango dira guztiak eta lehenengoa kadeteen 1. mailakoa izango da, Lea taldeko Bengoetxea eta Kurene taldeko Mendizabal pilotarien artean.
Ondoren, Markinako Egurrola eta Txumuxuluetako Rekalde II arituko dira bata bestearen kontra eta azkenik, galdakoztar baten txanda izango da.
Adiskide Pilota Elkarteko Gaizka Carregalek nagusien 1. mailako finala jokatuko du Txumuxuluetako Rekalde I pilotariaren kontra.
Bestalde, Kurtzea pilotalekuak Gabonetako Sozial Txapelketa hartuko du gaur, abenduak 27, BINKEk jaso zuen moduan.
