Galdakao eta Zornotza batuko dituen bidegorria onetsi du Bizkaiko Foru Aldundiak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: DOT Durangaldea
Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko onartu du Erletxe eta Boroa industrialdeen arteko bidegorriaren proiektua. Zati honek 4,5 kilometroko ibilbidea izango du eta bizikletaz edo oinez egin ahal izango da.
Pasa den urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako proiektuaren baitan, Iurreta eta Amorebieta lotzen dituen ibilbidea jarri zen martxan. Guztira 5,5 kilometro ditu eta bizikletaz eta oinez egiteko aukera eskaintzen du bide honek.
Plan integral honen baitan ere eta ibilbidea luzatuz, Galdakao eta Zornotza batuko dituen bidearen proiektua behin betiko onartu du orain Aldundiak. Guztira 4,5 kilometro izango ditu eta bizikletaz edo oinez egin ahal izango da.
Galdakao eta Zornotza lotuko dituen zatia Erletxeko industrialdean hasiko da, Kortederratik igaroko da, eta Zornotzako Boroa auzora iritsiko da. Bideak sei metroko zabalera izango du, eta horietatik lau bizikletentzako izango dira, zirkulazioaren bi noranzkoetan, eta gainerakoak oinezkoak ibiltzeko bakarrik erabiliko dira.
Trazadura AP-8arekiko paraleloan joango da ibilbidearen zatirik handienean eta guztira 16 milioi euroko aurrekontua izango du, El Correo egunkariak argitaratu duenez.