Galdakaoko bonbardaketaren 87. urteurrena oroituko da domekan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik 87 urte beteko dira domekan, maiatzak 19, eta sarraski horretan hil zituzten hamasei galdakoztarrak oroitzeko helburuz, ekitaldia antolatuko du Udalak Plazakoetxen. Halaber, Burdin Hesira ibilaldi gidatua egiteko aukera eskainiko du goizean.
Hogeita zortzi bonbardaketa jaso zituen 1937an Galdakaok tropa faxisten aldetik. Urte horretako maiatzaren 19an hamasei galdakoztar hil zituen faxisten hegazkinek Plazakoetxeko aterpe sarrerara jaurtitako bonba batek eta hauek oroitzeko ekitaldia antolatzen du urtero Galdakaoko Udalak.
Aurten 87 urte betetzen dira sarraski horretatik eta galdakoztarrentzat «berezia» den egun honetan lore eskaintza egingo dute Plazakoetxen. Domekan izango da, maiatzak 19, 13:00etan.
Bestalde, ekitaldiaren aurretik, Burdin Hesira ibilaldi gidatua antolatuko du Udalak domekan bertan. Irteera 09:00etan izango da Kurtzeko plazatik eta guztira 7 kilometro egingo dituzte parte-hartzaileek, Galdakao Gogora Elkartearen eskutik.
Galdakaoko Udalak ekintza bietan parte hartzeko deia egin die herritarrei.