Galdakaon filmatutako Erlojupekoa laburmetraiak Euskal Zine Bileran aipamen berezia jaso du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Euskal Zine Bilera
Euskal Zine Bilerak, euskara hutsez egiten den zine jaialdi bakarrak, bere 45. edizioko aipamen berezi bakarra Galdakaon eta galdakoztarrekin filmatutako Erlojupekoa laburmetraiari egin zion urriaren 22an Lekeition antolatutako galan.
Euskara hutsez egiten den zine jaialdi bakarra da Euskal Zine Bilera. 70. hamarkadan sortua, Francoren diktadura amaitu ondoren, gizartean eta Euskal Herriko politika eta kultura arloetan sortu ziren indarren eraginez. Helburu bi ditu Lekeition antolatzen den jaialdi honek, bere berbetan: «Batetik, euskarazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten lagundu; eta bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izan».
Bada, Euskal Zine Bileraren 45. edizioa urriaren 22an ospatu zen Lekekeitioko Ikusgarri antzokian. Bertan bost sari banatu zituzten: Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena, Gazte22 eta EITB Ikusleen saria. Film onena Eñaut Castagneten Muga izan zen, Zuzendaritza onenarena Aitzol Saratxagaren Lanbroa, Gidoi onenaren eta EITB Ikusleen sariak Raul Barrerasen Arnasak jaso zituen eta Gazte22 saria, Nagore Murielen «Erro bi» lanarentzat izan zen.
Baina gainera, epaimahaiak aipamen berezi bat ere egin zuen, eta aipamen bakar hori Leire Egañak Galdakaon filmatutako Erlojupekoa laburmetraiarentzat izan zen. Galdakaon eta galdakoztarrekin landu zuten ikus-entzunezkoa Bira ekoizpen etxekoek, Udalbiltzak eta Galdakaoko Udalak lehenengoz elkarrekin egindako lanaren fruitu.