Galdakoztar bat Elkanoren lehen mundu-biran izan zan
TESTUA: Telmo Samikola / Ganguren Mendi Taldea
Orain bostehun urte, Galdakaoko Pedro Olabarrieta Magallanesen Armadan ontziratu zan Espezien Uharteak aurkitzeko ametsez. Olabarrietako Pedroren eta Maria Ibanezen semea zan. Ogibidez barberua. Zerk eraginda sartu ete zan amesbide arriskutsu horretan? Zorionak kuku egingo eutsalakoan, beharbada? Izen ona irabazteko? Ogibide duinagoa lortzeko? Orduko soldatak urriak ziran, 1200 marai inguru; baina, soldataz gain, handik ekarritako zamaren hainbatekoa be gehitu behar zan, hango espeziak jatorrian baino 300 gehiago balio eben hemen eta.
Hogetako urteko gaztea zalarik, abentura-egarriak be bultzatuko eban, akaso, mundu barriak ezagutzeko gogo biziz. Bere ogibidea hobetzeko be aukera ona eban ontzian. Barberuak behe mailako zirujauak ziran Erregeren Armadan eta munduko itsaso danak ibili ondoren lehorreratzean bere gaitasunak erakusteko aukera ederra eban. Holan ba, San Antonio ontzian itsasoratu zan. Hori ontzioi Diego Asuari, Erandioko ontzigileari, erosi izan jakon. Armadako Kapitain eta Ikuskaria Kartagenako Juan zan. Kontugilea Antonio Coca eta Buruzagia Juan Elorriaga. Guztira, 58 ontzigizon eta eurotatik 14 euskaldunak —11 bizkaitar eta 3 gipuzkoar—.
San Antonio ontzia gatazkatsua izan zan hasiera-hasieratik. Kartagenako Juanek gorrotoa eta ikusiezina erein ebazan, eta mendean harturik, Antonio Coca jarri eben haren arduralekuan, baina horrek be ez eban irabazi Magallanesen konfiantzarik, eta honek, Albaro Mezkita bere lehengusua izendatu eban ontziko Kapitain.
Magallanesen agintekeria zala eta, atsekabea eta haserrea biztu eta zabaldu ziran ontzidian. Eta horrela, 1520ko apirilaren 1ean, Patagoniako San Julian Badian negua igaroten egozala, Gaztelako kapitain talde bat matxinatu egin zan. Gaspar Kesada, Concepcion ontziko Kapitaina, Kartagenako Juanekin batera eta beste 40 bat matxino lagun hartuta, Elkano be tartean zala, San Antonio ontzian indarrez sartu eta Juan Elorriaga, hango Buruzagia zauritu eben, eta gainera, Mezkida atxilo hartu.
Egoera larrian egoan Magallanes. Trinidad ontzi nagusia eta Santiago baino ez zituen aldeko. Beste hiru ontzien gaineko agintea galduta eukan. Baina Magallanesek ezusteko zartada gogor batez Victoria ontzia beregandu eban, Luis Mendoza Kapitaina hilik. Horren aurrean, beste ontzi matxinoak azkenean, men egin behar izan eben. Matxino guztiak epaituak izan ziran. Gasper Kesadari burua moztu eutsoen eta gosez hiltzera zigortuak izan ziran Kartagenako Juan eta Pedro Sánchez Reina abadea. Beste berrogeiri, Elkano tartean zala, heriotz-zigorra ezarri eutsien, baina azkenean, parkatu eta ez ebezan hil.
San Juliango negualdia igaro ostean, itsasketan jarraitu eben. Santiagoko zeharbidea bilatu guran ebilzala galdu eta hondoa jo eben; baina azkenik, 1520ko azaroaren 1ean, Santu Guztien Itsasartea aurkitu eben, hau da, Magallanesen Mehargunea. Ontziak Itxasarte hori arakatzen ebilzala, Esteban Gomezek, San Antonioko Pilotuak, Albaro Mezkida Kapitaina atxilo hartu eban eta ondoren Sevillara itzuli zan Gineako itzulbidetik. San Antonio ontzia Bárramedako San Lucarren porturatu zan 1521eko maiatzaren 6an, 54 ontzigizonekin, eta tartean, Galdakaoko «gure barberua».