Iñigo Larrea Labarrieta
BINKE / 2020ko uztaila

Gazteon txip aldaketa

Azkenengo urtean Galdakaoko gazteen artean aldaketa bat gertatu da. Gure jarrerak hobera egin du neurri handi batean eta gaur egun daukagun jokabideaz harro egon beharko ginatekeela uste dut. Kuadrillen artean arnasten den giroa ederra da, eta guztien artean daukagun konfiantzak harreman onak sortzen laguntzen digu.

Hori dela eta, tabernetan ikus daitekeen paisaia ezin hobea da. Bestalde, kuadrillen arteko harreman ona oso mesedegarria izan daiteke guretzat eta azken boladan egoera horretaz baliatzen ari garela ematen du. Duela gutxitik talde berriak sortzen joan dira; hala nola, Bagabiz, Momoak, Zizpa… eta horiei esker badirudi gure kontzientzia aldatuz joan dela.

Gazteok txipa aldatu dugu eta ekintzaren bat antolatu behar denean askotariko boluntarioak hurreratzen dira lan egiteko xedearekin. Aipatzekoa da ere, begi bistakoa dela kuadrilla bakoitzak bere pentsamolde eta berezitasunak dituela; baina, hala ere, aurreiritziak alde batera utzi ditugu eta jarrera baikor horri esker helburu pentsaezinak lortzen ari gara.

Azkenik, argi dago etorkizuna gazteen esku dagoela eta egoera nola dagoen ikusita, etorkizun itxaropentsua datorkigula uste dut.