
Jakoba Errekondok «baratzearen sekretuak» azalduko ditu Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Tolosako Azoka
Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak ‘Ilargia eta landareak’ izeneko 2025eko agenda aurkeztuko du otsailaren 20an Torrezabal Kultur Etxean. Saioaren aurretik eguenero Agirre Lehendakariaren plazan jartzen den Galdakaoko produktuen azoka bisitatuko du adituak.
Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista Galdakaon izango da otsailaren 20an. Adituak ‘Ilargia eta landareak’ izeneko 2025eko agenda aurkeztuko du, Galdakaoko Udalak 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean antolatu duen saioan.
«Argitalpen hori tresna egokia da baratzegintzan aritzen direnentzat; izan ere, bertan ezagutu ahal izango da urteko aste bakoitzean zer erein, zer landatu, nola inausi, zer uzta jaso… ilargiaren arabera. Gainera, agendak beste eduki interesgarri batzuk ere baditu, hala nola, euskarazko esaera zaharrak edota animaliei eta sasoiko produktuei buruzko informazioa», adierazi dute Udaletik.
Galdakaoko saioan zuzeneko kontsultategia eskainiko du adituak, entzuleen galderei erantzunez. Gainera, bertaratzen direnek agenda doan eskuratzeko aukera izango dute, baita salgai egongo diren idazlearen beste liburu batzuk erostekoa ere.
Solasaldiaren aurretik Errekondok eguenero Agirre Lehendakariaren plazan jartzen den Galdakaoko produktuen azoka bisitatuko du eta herritarrek ere honetan erosteko deia egin du Udalak, Errekondok eskainiko duen hitzaldiaren aprobetxatuz.