Jone Ibañez galdakoztarra Eibarrekin Lehen Mailara igo da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jone Ibañezen sareetatik
Jone Ibañez galdakoztarrak (eskuinean) Lehen Mailara igotzea lortu du Eibarrekin. Talde armaginak 0-0 berdindu zuen domekan Granadaren kontra ligako azken partidan eta emaitza horri esker igoera zuzena eskuratu du.
Denboraldi arrakastatsua izan da aurtengoa Jone Ibañez galdakoztarrarentzat. Futbolariak Lehen Mailara igotzea lortu du Eibarrekin, domekan 0-0 berdindu ostean Granadaren kontra. Bigarren izan dira ligako sailkapenean baina Bartzelonaren bigarren taldea izan denez lehenengoa — ezin dira bi talde maila berean izan — gipuzkoarrek igoera zuzena lortu dute.
Talde armaginak 53 punturekin itxi du denboraldia hogeita hamar jardunalditan, hamahiru garaipen, hamalau berdinketa eta hiru porrotekin.
Jone Ibañezek eskerrak eman dizkie sare sozialen bitartez denboraldi osoan zehar harekin izan direnei. «Eskerrik asko honetan parte hartu duzuen eta posible egin duzuen guztioi!», adierazi du futbolariak.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Andrea Sierra eta Sheila Elorza taldeekin batera ikusi daiteke Ibañez. Hiru futbolariek eta Eibarreko beste gainontzekoek omenaldia jasoko dute herri gipuzkoarreko udaletxean.