Jontxu Martinez usansolotarrak ‘Erlojupekoa’ filma aurkeztu zuen Laburbira zirkuituan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Noaua aldizkaria
Laburbira euskarazko film laburren zirkuituaren 20. edizioaren barnean, Galdakao protagonista duen ‘Erlojupekoa’ filma aurkeztu zuten Usurbilen domekan. Leire Egaña zuzendariak eta Jontxu Martinez aktore usansolotarrak parte hartu zuten solasaldian.
Laburbira euskarazko film laburren zirkuituaren 20. edizioa antolatu dute aurten, sei pelikula ikusi ahal izango direla euskal aretoetan. Haien artean, Binkek jaso zuen moduan, Galdakao protagonista duen ‘Erlojupekoa’ dago.
Pasa den domekan, martxoak 19, aurkeztu zuten Usurbilen, Sutegi Udal Liburutegian. Ekitaldian Leire Egaña zuzendaria eta 2021ko otsailean Binkeren azaleko protagonista izandako Jontxu Martinez aktore usansolotarra izan ziren.
Besteak beste, proiektua nola finantzatu zuten eta sorkuntza prozesuan izandako gorabeherak azaldu zituen zuzendariak. Halaber, Martinezek grabaketan bizitako esperientzia ezagutzera eman zuen.
‘Erlojupekoa’ laburmetraiak lan baldintzak uztartzen ditu. Zehazki, bizikletan enkarguak banatzen dituen rider bat du protagonista.