Kale batzuetako antolaketa aldatuta egongo da Ibarluzeko bizitokiak eraikitzen dituzten bitartean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ibarluzeko zuzkidura bizitokiak eraikitzeko obren ondorioz, inguruko aparkaleku kopurua murriztu da. Aparkaleku berriak sortzeko helburuz, Ibarluze, Lapurdi, Loiolako Ignazio eta Zabalea kaleetako antolaketa aldatu du Galdakaoko Udalak.
Gazteen emantzipazioa errazteko asmoz, zuzkidura bizitokiak eraikitzen ari dira Ibarluzen. Honen ondorioz, inguruko aparkaleku kopurua murriztu dela antzeman du Galdakaoko Udalak. «Etxea eraikitzen denean, lurrazpiko aparkalekuak egingo dira ondoan; baina bien bitartean, 50 aparkaleku inguru galdu dira», azaldu dute Udal Gobernutik.
Honen aurrean, konponbidea bilatu dute, Ibarluze, Lapurdi, Loiolako Ignazio eta Zabalea kaleetako antolaketa aldatuz. Bi erraileko kaleak errail bakarreko bihurtu ondoren, 53 aparkaleku berri sortu dira.
Zehazki, jaso dituen iradokizunak zein Udaltzaingoak segurtasunean oinarrituta egindako gomendioak kontuan hartuta, Udalak norabide batzuk aldatu ditu. Besteak beste, Zabalea 34 eta 36 zenbakien artean beheranzkoa zen norabidea goranzkoa izango da orain.
Halaber, sortu diren aparkalekuetan tamaina handiko ibilgailuak aparkatzen ari direla antzeman dute, «bide eta espaloiei lekua kenduz, estutuz». Udalaren esanetan, «margotze lanak bukatu gabe daudelako izan liteke hori», eta lanak amaitzen direnean arazoa konpontzeko neurriak hartuko ditu.
«Udalaren nahia da kale horiek gune lasai izaera mantentzea, eta aipatutako lan horiek guztiak amaitzean beharrezko urbanizazio lanak egingo dira ingurua atonduta eta txukun gera dadin. Elementu urbanistiko asko zaharkituta daude, eta egin beharreko egokitzapenak egiteko momentu ona izango da hori: farola, aulki, espaloi, paperontzi eta gainontzekoen egoera aztertu, beharretara egokitu eta berritzekoa», azaldu dute Udal Gobernutik.
Bestalde, aparkalekuen arazoen inguruko berri bat iragarri du Udalak: G2030 proiektua oinarri hartuta, herriaren lau puntu kardinaletan aparkaleku disuasorioak sortzeko asmoa du. Zabalganen, Plazakoetxen, Bizkai kalean eta Ibarluzerako igoeran eraikiko dituzte. Horrela, «autoak bertan aparkatzeak aukera emango du ibilgailuak erdigunera sartu gabe ondo uzteko, eta kaleetan gune atseginagoak sortzeko herritarrentzat».